Azokakoa

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua 2022ko abe. 19a, 12:30

- Betaurrekodun baten, geroxeago jakin dut idazlea dela, eskaintzari uko egin diot. Ez nuen whiski txupitorik irensteko asmorik. Ba, komeriak. “Tira, motel”, hasi zait, “Durangoko Azoka-eta! Topa dagigun!”, basoa betetzeaz batera. Ez diot ba besoa askatzeko agindu behar izan? “Askatzeko, joder! Askatzeko!”. Nola ez, ondoko standetan honi eta hari ukalondoka zebiltzan señora guztiak, lekua hartzearren hankartetik ere pasatzen zaizkizun horiek, ja guri begira eta txutxu-mutxuka. Normala, ez al zaizu iruditzen? Durangoko Azoka-eta, ados, baina asteazkena, aizu. Baliteke, bihar, idazleek lanik egin behar ez izatea. Auskalo. Nik, bai, ordea; eta, seguruenik, zeuk ere bai, ezta? Astegun buruzuria, arratsaldeko bostak eta zurrutean. Zer ganora da hori? Ba, tematuta zebilen idazle-barmana ditxosozko tragoa gora eta behera. Lagun, liburuei begiratu bat botatzera baino ez naiz gerturatu. Begiratu bat baino ez! Baina badirudi argitaratu berri duen ipuin-liburua, engainuari buruzko zeozer, gomendagarria dena baino denbora luzeagoz eduki dudala eskuetan, eta deskuiduan harrapatu nau, zeharo, gainera. Besterik aukeratu banu, libratu egingo nintzen, akaso, ulertzen? E!, argi gera dadila gizon lasaia naizela, pazientzia handikoa; hori bai, berokiaren papar-hegaletik barrualderantz tira egin didanean, “Etor zaitezela ipuin-liburuaren aurkezpenera! Anima zaitezela!”, buf… Daitort muturra berotzeko tentazioa izan dudala. Halere, neure buruari esan diot: “Iban, eutsi instintu primarioei”. Eskerrak bere atzaparretatik libratzea lortu dudan. Pare bat aldiz kontrara tira egin eta kito. Tamalez, istilutxoa bere horretan geratuko zelakoan banengoen ere, ez da horrela izan. Aldentzen hasi naizenean, standeko liburuen gainetik jauzi egin du zoro horrek! Baldar samar, egia esatera. Eta orduan bai. Orduan eskaini diegu Landako Gunera bertaratutakoei ikuskizun benetan tamalgarria: ni, ihesean-edo; eta betaurrekoduna, atzetik. Artekale eta Goienkale alderik alde ibili ditugu, elkarri hau eta bestea esanez. Irainka, badakizu. Bueno!, azak ontzeko, jaurti dizkidan hainbat liburuk, ez dakit zer argitaletxetakoak, baina azal gogorrekoak, Totiren sinaduraren zain zeuden bizpahiru gaztetxori buruan eman diete. Imajinatu. Umeak, negar batean; gurasoak oldartu zaizkigu; antolakuntzakoak guztiok banantzen saiatzen…  Eta une horretantxe agertu zarete.

- Aham… Hori al da guztia?

- Barkatu!? Nola “hori al da guztia”?

- Zaldua jauna, zera… testigantzan beste ezer jasotzerik nahi duzun.

- A!, ez. Horrekin nahikoa da.