— ¿Qué día es hoy?
Usu entzun behar izaten diet ingurukoei, dela etxekoei, dela lagunei, dela lankideei, astegunik txarrena astelehena dutela. Izenak berak dioenez gero, estreinakoa; hau da, (pribilegiatuok) larunbata eta igandea egonean, alferkeria gozoan, eman ondoren, errutinara bueltatzea beste erremediorik ez dagoena. Astearen luzearen beldur dira. Baita neu ere. Aitzitik, astelehenari baino astearteari deritzot hits; Hans Castorp-enak bezala, neure asteak ere asteartetik astearterakoak baitira, opor garaikoak izan ezik. Ez naiz gauza aste horien hasiera eta bukaera identifikatzeko, horrelakorik badute (eta ez naiz oporren lehen eta azken egunez ari, noski; errutinan, zazpi egunek osatzen duten aste kanonikoaz baizik). Astea kontzeptua erabiltzeak zentzua galduko balu bezala, ulertzen? Lan egunen segida antolatzeko eta asteburua ailegatu arteko atzera zenbaketarako (oso poz iragankorra. Atzera zenbaketaren bukaerak, 3, 2, 1, 0, automatikoki, berriz astelehena izateko falta diren egunen/orduen zenbatzea abiarazten du), bai, baina ez beste ezertarako.
Lepoa egingo nuke, lan egitera joan beharrik gabeko egun batzuk erreskadan pasatakoan, denok galdetzen diogula geure buruari, edo ondoan dugunari, asteko zer egunetan bizi garen; jakiteak, edo ezjakintasunean jarraitzeak, ez onik, ez txarrik ez dakarkigun arren. Asteazkena zein igandea, osteguna zein ostirala, zer axola zaigu?, ez da inolako alderik. Baina zentra nadin: astearteak.