Egiazki uste dut dilista usaina dariela (ez du ezer txarretik, e). Gurean, astearteetan, lekale mota horretaz betetako lapikoa dago (eskerrak amari), burruntzaliaz nork berea platerean zerbitzatzeko prest, asteko bigarren laneguna denaren seinale. Niretzat, ordea, orduan hasten da aste berria, eta orduan ohartzen naiz beste ehun eta hirurogeita zortzi ordu iragan direla, gutxi gorabehera, dilistak azkenekoz jan nituenetik.
Aipatzeko modukoa da errutinaren (gogoratu: zazpi egunek osatzen duten aste kanonikoa) eta denboraren joan motelaren artean ezartzen dugun lotura: Monotonia = Gelditasuna ekuazioa. Zuzena? Ezezkoan nago. Egunerokoak ohitzea dakar, astegun guztiak berdintzat jotzea (kasu! Berdintze horrek ez du zerikusirik asteko zer egun den ez jakitearekin, egitekoen errepikapenarekin baizik) eta, konturatu orduko, berriz, hasierako laukira (asteartera, esaterako) bueltatzea. Hau da, Abiadura, eta handia, gainera. “Astea/Hilabetea/Urtea ziztuan pasa zait” dioen bakarra al naiz? Urteekin, ohiturak barneratzearekin, areagotzen den sentipena. Akaso gelditasunak lotura handiagoa du nobedadearekin, berria zaigunarekin, errutinatik kanpo dagoenarekin,
ohikoa ez denarekin, asteko zer egunetan bizi garen ez jakitearekin.
— Martes — erantzun diot aitari (duela urtebete erretiratua), nahiz eta badakidan berdin zaiola.