Maite ditut
maite
nire ikasleak,
euskarak
elkar ulertzen uzten ez digunean.
Elkar ulertzen. Zer ederra den elkar izenordain elkarkaria, eta zer gutxi erabiltzen duten euskaltegiko nire ikasleek. Arraioa, horren faltak, zenbaitetan, mehatxu kutsua ematen die bidaltzen dizkidaten e-mailei:
Arratsalde on, Julen:
Gaur ezin naiz euskaltegira joan.
Bihar ikusiko dugu.
Eta okerragoak ere badaude: iazko ikasturtean, hilabete eta erdian hiruzpalau hiletatara (esajeratu gabe) joan behar izan zuen ikasle bat izan nuen:
Arratsalde on, Julen:
Gaur beste hileta batera joan behar dut.
Bihar ikusiko dugu.
Ez da harrotzeagatik, baina ia erabat konbentzituta nago Heriori euskara eskolak eman nizkiola (betiko loa egiteko ordua heltzen zaidanean, euskaraz jakinaraziko ote dit?). Hiruzpalau hiletatara. Hileta, ez hilketa. Nola aldatzen duen dena kontsonante ziztrin baten presentziak edota presentzia ezak:
Gaia: Elizaren gainbehera.
[…] Nahiz eta gero eta jende gutxiago joan elizara, pertsona bat hiltzen denean, beti ospatzen dugu kristau hilketa.
Esaldi hori irakurritakoan, 1.000 urte atzera bidaiatu dugunaren sentipena al duzu? Gurutzadak, Gerra Santua-eta. Bueno, eta kristauak akabatzeaz mintzo diren pertsonak alfabetatzeaz gain, aztertzaile lanetan, esklabotasunari erreferentzia ezin zuzenagoa egiten zion idazlan bat irakurri eta ebaluatzera heldu naiz:
Hori gutxi balitz bezala, gure merkatua oso ospetsua denez, alboko herritik etortzen dira jendea erostera edo buelta bat ematera.
Gaur arte ez naiz ezagutzera ematera ausartu (arrastorik ez zer herri den. Informazio baliagarririk edukiz gero, jar zaitez harremanetan segurtasun indarrekin, mesedez).
Batek daki aipatutakoak nahigabe ala apropos izan ziren horrela idatziak (idazki honen izenburua barne).