XIV

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua 2023ko abe. 15a, 13:23

Hainbat pertsonak modu bertsuan jokatzen dute haurrekin zein txakurrokin; gutako batekin topo egin eta, kolpean, errespetagarritasuna galtzen duten horiek.

Espaloi beretik bagoaz, akabo ostera patxadatsua; urrundik dakit ondoratuko zaizkidala. Parera heldutakoan, makurtu, eskuak izterren gainean bermatu, aurpegiera aldatu, ahotsa (bat-batean) modulatu eta laztandu egiten naute.

Txakurlegez "zaunk-zaunk" erantzuten diet beti, isatsa astintzeaz batera, baina, nire harridurarako, behin baino gehiagotan musua okertu eta “ai, zera… niri txakur-hizkuntzan ez, ez baitut ulertzen” esaten didate.