Irene Vallejok “Irakurketaren aldeko manifestua”n esan gabekoak (I)

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua 2024ko abe. 13a, 13:22

Eta, egunen batean, beste liburu bat erosteko adina dirurik ez baneuka? Ez nintzateke horretaz kontziente izango esnatu bezain laster, jakina; inor ez da literaturarekin gogoratzen, goizenez, gosalondora arte. Idazlea salbu; hura, derrigorrean. Nola ordainduko ditu, bestela, kafea, olo esnea eta madalenak? Irakurtzeari emanak (esaterako, euskara irakasle irakurzaleak), aldiz, urdaila beteta izan behar du. Beraz, astegunean balitz, 07:30ak aldera hartuko ninduke ikarak; asteburuan, 11:00etatik aurrera.

Norbaitek pentsatuko du (baita esan ere, agian) esajeratu samarra naizela, ez dudala zertan zentimorik gastatu, badagoela lortzeko beste modurik, eta, zer ostia!?, azken buruan, liburuak baino ez direla. Trukera jo nezake: bat eman eta, ordainetan, bat jaso, baina, hain zuzen, ez nau horretxek konbentzitzen, alegia, ezezagunari nire liburua(k) uzteak. Are gutxiago kontuan hartuta bilduma handitu eta handitu asmo duen pertsona naizela (Trukearen ekuazioa —> n + 1 - 1 = n). Lehenengo alternatiba, baztertuta. 

Apaletan dauzkadanak berrirakurtzeari ekin niezaioke, bestela. Lerro berak, beste behin; bigarren aldia, estreinakoan ikusi gabekoak ikusten saiatzeko. Baina, egia esatera, ez deritzot oso motibagarria, ezer berririk aurkituko banu ere, gutxiago edo gehiago, trama osoarekin gogoratuko nintzateke eta; ezer gutxik harrituko ninduke. Aitor dezagun ez dagoela liburu bat (lasai, hau ez da Gorka Urbizuren abesti bat, eta azken hau ere ez) lehendabizikoz irekitzea bezalakorik. Bigarren alternatiba ere, baztertuta. 

Eta liburu denda batera sartu eta bizpahiru (edo bospasei) ale lapurtuko banu? Gakoa biktima egoki aukeratzea litzateke; huskeria ematen du, baina, oro har, ez da ideia ona saltzaile kopurua bezero kopuruaren berdina edo handiagoa den dendetan probatzea. Zoritxarrez, amama zenaren otorduen aurreko otoitzen eta eskarien eraginez-edo, txertatuta ditudan kristau arrastoek ez lidakete liburuok besapean ezkutatzen eta, besterik gabe, dendaren atetik irteten utziko. Etika delakoa.

Pedro Aspiazuk orduko hartan esan bezala, “ez da erraza hau, e”.