Martxoak 22, larunbatarekin. 15:53an jarri gara bidean; Gigi d’Agostinoren L’amour toujours, Iseo & Dodosounden En la tormenta, Obrint Pasen La nit dels corbs, Olaia Inziarteren M.J. eta beste, soinu banda Toyota Yarisean. AP-8ko asfaltoa bustita dago, eta zerua, goizean zehar hustu diren hodeiez estalita; gaur, Anbotok ez du tontorrik. Geldialdia egin behar izan dugu Itziarreko zerbitzugunean, errioxar erara prestatutako pataten erruz; badirudi ur gehiegi edan dugula bazkalorduan. Eta, berriz, errepidean. Kamioiak eta matrikula frantziarra duen auto ugari, aurretik zein atzetik. Helmugarako 20 minuturen faltan, Maríak Cheryl Porter kantariaren beroketa ariketa batzuk jarrarazi dizkit YouTuben (Mi Me Ma Mo, Mi Me Ma Mo Mu), eta prest-edo.
12. irteera; bidesaria; biribilgunean, ezkerrera; hurrengoan, eskuinera; eta GI-2134. Oiartzun. Landetxe Kultur Aretoa. Gu heltzerako, Aitor Urquizak eta Iker Álvarezek, Leizuriren eta Anderren laguntzarekin, dena dute montatuta, eta abesti batzuk jotzen ari dira, ordu eta erdi barru hasiko den kontzertuan oiartzuarrek entzungo dituztenetako hiruzpalau. Teknikariak aginduta, soinu probari ekin diote segidan: lehenik, Ikerrek (txistua, zarrabetea, gitarra, mandolina, armonio indiarra, shruti box indiarra, glockenspiela, baxu pedalak, kajoia, pandereta, shakera, bonbetea eta platera); bigarrenik, Aitorrek (txistua, silbotea, armonio indiarra, baxu pedalak, ttun-ttuna, danbolina, bongoak, pandereta, caxixia, kaskabiloak, shakera eta bonbetea); azkenik, elkarrekin. Beranduxeago, María Ereña batu zaie, pare bat abestiri ahotsa jarriko baitio. Guztiak, konforme; 18:40an bukatutzat eman dute proba, eta orduan ireki dizkiete aretoko ateak ikus-entzuleei.
19:03. Oholtzara irten dira bi musikariak, txalo artean, eta nork bere lekua hartu du. 2022. urtean argitaratutako diskaren izen bereko abestia izan da lehena: Deiadar. Ondoren, Bals naif, Amaiurko ardoa, Harribedertxi, Ur-emari, Buruslata, Balmasedako aljama, Trasaraña, Sodupeko galiarrak, Narama ni eta Begiradak.
Kontuz!, spoilera: benetako harribitxia.