Hiriko ikusezinak

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Renedo 2014ko aza. 12a, 09:43

“Gutxitan erreparatzen eta ematen diogu balioa hiriaren benetako aberastasunari. Bisitari gisa gabiltzanean, zeri begiratu esaten digute eta horri begiratzen diogu: gidaliburutik gomendatutako errealitatera, norbaitek gure ordez erabakitako bideei jarraituz. Gure hirian bertan are itsuagoak gara. Badugu ikusteko gaitasuna, baina ez dugu ikusten. Batzuetan, nahiago izaten dugu erosotasun-espazioetatik kanpo dauden tokietatik begirada aldendu. Nekez ausartzen gara beste norabide batzuetara begiratzen; toki txikietara, ertzetara, kanpoaldeko tokietara, auzoetara, egoera zailenean daudenak egoten diren tokietara… Eta Peter Greenaway zinema-zuzendariak dioen bezala “begiak izateak ez du esan nahi ikus dezakezunik”. Gogoeta horrekin abiatzen da BATen 2014ko edizioa, Ikusiezinak izenburupean.

BAT ikerketa kolektiborako eta formaziorako proiektu kulturala da, eta hirigintza eta berrikuntza soziala lantzen du. Aurten, begirada hiri ikusezinaren eta ikusezin bihurtutakoaren gainean jartzea proposatzen du; ikerketarako adibide  gisa Bilbo eta haren eraldaketa-prozesua hartuko dute. Ikusten ez dugun, ikusi ez nahi dugun edota ezkutuan mantendu nahi dugun hiri ikusezin eta anitzera begiratuko dute. Horretarako programa zabala prestatu dute (urbanbat.org-en aurki dezakezue), hainbat hitzaldi eta tailer interesgarrirekin. Topaketak ere egingo dituzte azaroaren 20tik 22ra Abandoibarrako Kulturbasquen (EHUko paraninfoan).