Urte hasierako intentzio onak

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Renedo 2015ko urt. 14a, 11:55

Beste urte berri bat hasi da. Egun aproposak norberak bere buruari asmo onak ezartzeko. Askok aldaketak bilatuko dituzte beraien bizitzetan: kirola egin, erretzeari utzi, ikasteari ekin... Nik erronka erraz bat proposatzen dizuet: gure kontsumo ohiturak aldatzea.

Gure egunerokotasunean hainbat zerbitzu kontratatzeko beharra izaten dugu: energia, telefonia, finantza, aseguruak… Eta gehienetan denbora falta edota ezjakintasunagatik amalurra zein pertsonak alboratu eta dirua irabazteko asmo hutsa duten enpresak lehenesten ditugu. Zorionez gizarte eredua eraldatzea ahalbidetzen duten kooperatiben aldeko hautua eskura dugu, baita hauen bazkide bihurtu eta erabakietan parte hartzeko aukera izan ere. Egun filosofia honekin lan egiten duten proiektu ugari daude martxan. Hauetako zenbat ezagutzen ditugu?

Mecambio.net webguneak indarrean dauden aukera batzuk eskaintzen dizkizu. Izan ere, ekosistema eraldatzaile honen erakusleiho bihurtzea du helburu. Bertan zure kontsumoa bideratzeko alternatiba ezberdinak aurkituko dituzu. Borondatez egindako orrialde honek hornitzailez aldatzeko pausoak erraztu nahi dizkizu, hauengan konfiantza izateko behar duzun informazioa eskainiz: nondik norakoak, mugak… Informazio honi esker proiektu bakoitzaren gaineko balorazioa egin eta bat egiten duzun ala ez ondorioztatzeko aukera izango duzu.

Urte hasierako asmo onen zerrendan ere aldaketa txiki batzuk egiteko bidea izan daiteke, ezta? Osasuna eta urte berri on!