Hiria aniztasuna da. Ezberdinek partekatzen duten espazioa. Bertan bizi diren kolektibo eta pertsonen interesen arabera eraikitako espazioa. Hori horrela izanda, konfliktoak sortzen dira eta sortuko dira etengabe. Dialektika horien arabera osatu dira eta osatuko dira gure eraikinak, kaleak eta plazak.
Azkenaldian administrazioak “parte-hartzearen ikurra” altxatu du. Sarritan goitik behera diseinatutako prozesuak. Are eta okerrago, herri mugimenduan behar edo eskaera zehatza egon barik martxan jarritako prozesuak. Arazo zehatz bati erantzuteko prozesuak, kasu onenetan, gatazka arindu nahian.
Baina hasieran aipatu den moduan. Hirian konfliktoa egon behar da. Eta konflikto hori gertatzen denean, bi interesen arteko negoziazioa edo elkarrizketa sortu behar da. Enpresa munduan gertatzen den moduan. Kolektibo bakoitzak bere indar posizioa markatzen du, enpresaren jabea bere indarrarekin, langileak sindikatu eta asanbladetan antolatuta eta presio dinamikak sortzen. Honen ostean etortzen da negoziazioa.
Antzua da hirian prozesuak martxan jartzea ez badago honetarako tarterik, ez badago tarterik bakoitzak bere aldarrikapenak eta bere indarra bere interesaren arabera antolatzeko. Administrazioak eta zenbait teknikarik prozesu parte-hartzaileak (negoziazioak) abiatu nahi dituzte neutraltasunetik, guztiok ontzi berean egongo bagina moduan, adiskidetasunean, onartu barik hirian beti interes ezberdinak, gatazkak, egongo direla.
Askotan prozesu horietan Herri Mugimenduak parte hartzen du, behar bat izan barik, helburuak aurretik definitu barik, espazio propioak izan barik; zuzenean joaten da “negoziazio mahaira” non administrazioek joko-arauak eta bitartekariak ezarri dituzten.
Kasu oso adierazgarria iruditzen zait Bilboko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren prozesua, orain dela bi urte abiatutakoa, eta teorian, gure hiriaren helburu estrategikoak “adostu” ziren, behintzat auzo elkarte gehienen parte-hartzearekin. Batzuk eredutzat hartzen duten prozesuaz ari gara, enpresa katalan batek egin zuena. Pasa den hilean Bilboko 200 eragilek baino gehiagok antolatu zuten manifestazio bat Bilboko hiri-ereduaren kontra auzo-elkarteen federazioak bultzatuta. Kontsentsuaren porrota edo prozesua bera espejismoa izan zen?
Bada garaia prozesu horiek beste modu batean pentsatzeko. Behetik lan egiten duten eragileek pentsatu beharko lukete parte-hartze prozesuak tresnak direla gai batzuen inguruan ere zilegitasuna eta zabalpena lortzeko. Ondo legokeela prozesu horiek behetik abiatzea, behetik behera eta ostean behartzea administrazioak erabakitakoa errespetatzera.
Parte-hartzean sinesten duten administrazioek baliabide teknikoak eskaini beharko lizkiekete eragileei prozesu horiek martxan jartzeko, bere kontrolpetik at. Soilik horrela luzatuko dira prozesu horiek denboran eta bermatuko da benetan kaleko inplikazioa.
Parte-hartzean sinesten duten herri eragileek prest egon beharko lukete prozesu horiek lideratzeko. Administrazioak ez baditu autogestioaren bitartez prozesuak garatzeko tresnak eskaintzen sortu egin beharko dira. Agian kartelak, hitzaldiak, topaketak, bilerak, kontzertuak... sortzen diren moduan, baliabide teknikoak lortu behar dira prozesu horiek behetik behera aurrera eramateko.
Gure hirian zenbait eredu jarri dira martxan, gehienak eraikin zehatzei begirakoak. Karmela, BiziNahi edo Lokomotora dira azken adibide batzuk. Momentuz ibilbidea egiten ari dira administrazioaren oztopo edo utzikeriaren kontra. Eta behetik diseinatu eta bultzatutako prozesu mota horiek kale, auzo zein hiri-eredua diseinatzeko erabiltzen baditugu?