Azken horrek kongresua txio batekin inauguratzen zuen esanez 1.700 lagun geundela bilduta Euskaldunan “jendarte justu eta berdinzale” baten alde. Aldi berean, 35.000 lagun biltzen ziren Bilboko kaleetan pentsio duinen defentsan. Kongresuko azken egunean, aldiz, 500 lagun eskas geratuko ginen Euskaldunan, ordezkari instituzional gehienek medioekin batera alde egin baitzuten, baina ziur naiz milaka pentsionistek bere horretan jarraitzen eta jarraituko dutela Bilboko kaleetan.
Kongresuan dena oso soziala izan da, eta jakina, Bilbo ekonomia sozialaren abangoardia izan da betidanik. Zalantzarik egon ez zedin, Printzipioen Aldarrikapena sinatu eta konpromisoak hartu genituen, noski. Orain ozen esan ahal dugu aldaketa klimatikoaren kontra, aniztasunaren alde, pobreziaren kontra, kalitatezko enpleguaren alde, jasangarritasunaren alde eta orokorrean asmo on guztien aldekoak garela.
Bilbok kalitatezko enpleguaren aldeko apustu garbia egin zuen aspaldi, behintzat kudeaketa publikoko espazioetan. Izan ere, kongresuan emakume gazte, lirain eta eder batek irribarretsu agurtzen gintuen harreran good morning batekin. Irribarre horren atzetik ordukako kontratua ezkutatzen zen, jauregiaren kontrata batekoa.
Hondakinen kudeaketaz ere luze aritu ginen, kanpo esperientziak ezagutzen. Otorduetan kartoizko lunch packet-akbanatzen ziren parte-hartzaileen artean. Barruan ogitartekoak, entsaladak, kubiertoak, etab. Amaitutakoan, langile batek jasotzen zituen hondakin guztiak gurpildun kontainer berde batean; kartoizko kutxa, plastikozko enbaseak eta janariaren hondakinak, dena nahasita, primeran birziklatu zuen ontzi bakarrean.
Bestalde, zenbait herrialdetako hizkuntza gutxituen defentsarako proiektuak aurkeztu ziren, Bilbotarrok harro euskararen defentsan egindako esfortzu instituzionalagatik. Tamalez, harrerako neskak, aipatutako kontratu merkeko horrek, izena ematerakoan, por favor en castellano esaten zizun irribarrea galdu barik.
Energia berriztagarrien txanda ere heldu zen baina hor ez genuen tutik esan; Iberdrola dorrearen itzala luzea da eta Euskaldunatik – eta hiri osotik – ikusten da.
Hiri kooperatiboaren hitzaldia hasi bezain pronto azaldu behar genuen Bilbo smart city-en karroan egon dela hasieratik; hori izan da gure ikurra munduan zehar. Baina kongresuko hizlari batzuen arabera hiriak ezin dira adimentsuak izan, bere biztanleak, ordea, bai. Alegia, izatekotan, bilbotarrok garela azkarrak eta ez Bilbo bera.
Ekonomia sozialeko proiektuak bultzatzeko balio duten finantza etiko eta publikoen garrantziaz aritu ginen, burujabe izateko ezinbesteko tresnez. Bilbo-Bizkaia ere topera dabil txip horretan baina gure kutxa publikoa orain dela 4 urte pribatizatu genuen.
Argazki eta postureoen atzean, egun hauetan gure politika publikoen kontraesanak azalarazi dira. Zorionez, kongresuan landu ziren arlo guztietan bilbotarrek bultzatutako esperientziak eta proposamenak badaude, sarritan administrazioaren aldetik baztertuak: klausula sozialak, erosketa publiko arduratsua, 0 zabor, ikastolak, AEK, gau eskolak, Goiener, Fiare, Koop57, Labore Bilbo, izarkom, etab.
Ñabardura eta kontraesan txikietatik harago, onartu behar dugu Bilbo berriro munduko hiriburu izan dela zerbaitekin, eta gure “ekitaldi handien” agenda aurrera doala. Laster Bizkaia MTV music week dator gurera, eta dantzatu behar bada, dantzatuko dugu, seguru asko munduko dantzaririk onenak ditugu instituzioetan. Hori bai, horretan Urkullu jauna ez dugu pistara aterako, denak ez du balio eta.