Apustu ekonomiko garbia izan zen eta horrek isla fisikoa ere ekarri zuen: ekipamendu erraldoiak, erdigunearen berriztapena, turismoarentzako elementu erakargarriak, markaren sorrera, etab. Eta egin dugu, kosta ahala kosta, guztion esfortzuaren eta patriken kontura, horrek gure auzo periferikoen beharrak ez asetzea ekarri badu ere, eta logikaz bertan bizi diren milaka eta milaka biztanleena ere ez.
Urbanizazio prozesu basatiaren ondorioz inoiz eraiki behar ez ziren espazioak urbanizatu ziren. Kalitate baxuko auzo eta etxebizitzak nonahi ditugu. Guztiek gaur egun 50 urte baino gehiago dituzte, eta arazoa larriagoa bilakatzen ari da denboraren poderioz. Gure populazioren zati oso handia, auzo horietan bizi da. Auzo eta pertsona zaurgarriak.
Errenta baxuak, ikasketa maila eskasa, bizi itxaropen murritzagoa... Datu gordinek jada ez digute ezer sentiarazten. Agian orokorrean gure bizilagunen dramekin enpatizatzea kosta egiten zaigu edo ez dugu errealitate hori ikusi nahi. Gainera, zenbait agintari eta komunikabide tematu egiten dira pobrezia urbanoa ikusiezin bihurtzen.
Lehengo egunean Maria anderearekin eta bere senarrarekin aritu nintzen portalean hizketan. Goiko pisuan bizi den adin nagusiko bikote xarmagarriarekin. Mariari asko kostatzen zaio ibiltzea, hankak handituta ditu. 5. solairuan bizi da, igogailu barik. Gure hiriaren pisuen %20 inguruk ez du igogailurik. Maria etxetik bere senarraren laguntza handiarekin bakarrik irteten da, medikuarenera joateko. Denbora luzea behar du kalera jaisteko, are gehiago igotzeko, esfortzuaren ondorioz itotzen delako.
- Eskerrak gure etxeko bistak oso politak diren eta plazako umeak ikus ditzakedan jolasten -Mariak.
50 metro koadroko kartzeletan sartuta ditugu gure agureak pentsatu nuen nik.
Portala margoztu dugu orain dela gutxi. Enpresei zenbait aurrekontu eskatu eta langabezian dauden bi bizilaguni esleitu genien lana. Aurrekontu merkeenaren prezioan egin dute, BEZ barik noski. Kasu honetan ez ziren Barakaldoko makro denda batera joan, pintura poteak ixtear zegoen auzoko dendan erosi zituzten, “liquidación por cese” kartela zintzilik zuen horretan. Gehienek orain arte azpi-ekonomia deitu ohi diogu praktika honi baina agian hiriaren marka berriarekin ekonomia zirkularra deitu ahalko genioke.
Busean ezagun bat topatu nuen. Basauriko kartzelan egon da noizbait lapurreta eta antzeko auziengatik.
- Nondik zatoz?
- Iñigo Cabacasen auzian justizia eskatzeko manifestaziotik.
- Poliziak norbait jipoitzen edo hiltzen badu ez da justiziarik egongo, nork ikuskatzen du ikuskatzailea, ba? Justizia? Nire amak sufri dezan hobe bereak sufritzea.
“Gertuko polizi eredu” deitzen diote honi gogoratu nuen.
Aspaldiko lagun min batekin parranda egiteko aukera izan nuen orain dela gutxi. Gabonetako afari horietako batean. Kostata baina hezitzaile ikasketak amaitu zituen. Lagunak azken urteetan eraiki diren makro eraikinak ondo ezagutzen zituen barrutik. Garbiketa enpresa batean zebilen lanean. Lan solteak beti, eraikin publikoak zein pribatuak garbitzen, askotan gauean. Gehienetan 20€ ordaintzen zizkioten hiru orduz garbitzeagatik. Bidaia bere kontu. Ez du kotxerik. Administraziotik “kalitatezko enplegua” sortzen, pentsatu nuen.
Ariketa prospektiboak egiten ari gara etengabe. Non nahi dugun gure hiria egotea 25 urte barru. Baina ez diegu aurreko kasuek planteatzen dituzten arazoei erantzun nahi. Irisgarritasuna, langabezia, inpunitatea edo prekarietatea dira gure eguneroko arazo larriak besteak beste. Hiriaren eraikuntzak arazo horiei erantzun beharko lieke bereziki, baina postal berriak eraikitzen jarraitzea errazagoa da. Tamalez, Ernaik esaten duen moduan postal horien atzetik bagara. Hiri-marka edo hiri komuna? Gure hiriak posizionatu nahi ditugu mundu globalizatuan baina hiri horietako biztanleak ahazten ditugu. Hirien marka berriek, MTVk edo Manhattan berriek, agian arazoak estaliko dituzte, baina ez konponduko.
PD. Guztiak benetako istorioak dira fikziozko pertsonaietan edo egoeretan oinarrituta.