Ziklo honen lehenengo boteak, estatuko hauteskundeak hain zuzen ere, pista batzuk utzi dizkigu hori egiteko.
Hasteko, batzuek kontrakoa pentsatzen duten arren, Euskal Herrian eskumako botoak ez dira desagertu, EAJn pilatzen ari dira. Eta egia da, horrek argi erakutsi du, lurralde honen hautu politikoa oso diferentea dela estatukoarekin alderatuta. “Trifatxitoaren” aurrean gehiengo oso zabalak boto aurrerakoia, independentista edo EAJ aukeratu dute. Baina eskumako botoa EAJn kontzentratzeak, aldi berean, alderdi honen norabidetzea markatzen jarraituko du. Immobilismoa.
Jarraitzeko, bereziki arreta eman dit hauteskundeen ondoren Espainiako alderdi “berriek” izandako jokaerak. Ciudadanosek, bere garaian Podemosek PSOErekin egin zuen moduan, argi eta garbi egin du apustua eskumako oposizio nagusia izateko, PPren gainetik, eta bere burua balizko gobernutik at kokatu du.
Podemos, berriz, “zerua asaltatzetik” PSOEri eskailera eustera pasatu da. Askok rol eta jarrera aldaketa horretan Ezker Batua 2.0 ikusi nahi izan dute. Ez da antzematen “erremontada” egiteko aukera handirik eta bai PSOEren makulua izateko anbizioa.
Bestaldetik, aspaldiko partez, Ezker Independentismoak hauteskunde arrotz hauetan bere botoa “tresna” moduan kokatzea lortu du, estatuan eragiteko. Eta nabaritu da. Batez ere epika eta helburu konkretuak jarritako herrialdeetan. #AurreraBel eta bereziki #AgurMaroto leloek milaka lagunen boto antifaxista kanalizatu dute. Besteak beste, Katalanekin eta Galegoekin lortutako akordioak 19 diputatu utzi ditu eta giltza izan daiteke estatuko zenbait politikatan.
Erronda hau amaitzeko, eskuin muturreko botoa beti gure artean egon dela gogoratu behar dugu. Arrazismoa eta pobrearenganako gorrotoa. Orain boto hori hobeto sailkatu ahal dugu eta Vox-en emaitzek beste datu batzuk ematen dizkigute. Kezkagarria dira emaitzak eta klase sozialarekin lotura zuzena dute. Baina batzuek kontrakoa pentsatu ahal zuten arren, eskuin muturraren emaitzarik onenak errenta handiko eremuetan izan dira eta ez auzo langileetan.
Bilbora etorrita eta udal hauteskundeei begira, emaitzek argazki konplikatu samarra utzi digute. Nire ustez, gure hirian azken hamarkadan, pixkanaka-pixkanaka bi bloke konfiguratzen ari dira.
Lehenengoan, EAJ eta bere hiri-politikarekin bat egiten duten alderdi sateliteak (PSOE eta PP) koka ditzakegu, baita gure hiriko zenbait botere ekonomiko eta mediatiko garrantzitsu ere. Zer gertatuko da bloke horretan? Baliteke PSOEk hauteskunde orokorren olatua mantentzea eta azken udal hauteskundeetan izan duen gainbehera ekiditea, beraz, bloke horri ekarpena egingo lioke. Eskumaren botoa gero eta gehiago PNVn kontzentratzen ari da. PPk zerrendan “ultrilla” batzuk jartzea erabaki du, seguru asko bere botoak Bilbainos, Vox eta Ciudadanosera joatea ekiditeko. Hala ere, laster damutuko direla uste dut: eskuin “ultrilla” hauek ahoa irekitzen duten bakoitzean agian boto batzuk PPn geratzea lortuko dute, baina aldi berean milaka boto EAJra pasatzea lortzen ari dira. EAJren tendentzia gorakoa dela ematen du, hala ere, Aburtok ez du ilusio handirik pizten bilbotarron artean. Bilbo grisaren alkatea izan dela esango nuke.
Bigarren blokea beste hiri eredu baten alde eta eskubide sozialen inguruan konfiguratzen ari da. Udal instituzioan EH Bilduren lidergoa du gaur egun (4 zinegotzi), hiriko bigarren indarra izanik. Udalgintzako hainbat kontutan Udalberri (2 zinegotzi) edo Goazenen (2 zinegotzi) konplizitatea izan du, baina batez ere hiriko botere herritarren sostengua (jai herrikoiak, auzo elkarteak, kultur eragileak, etab.). Beraz, bloke horrek Bilboren aniztasuna ordezkatzen duela esan dezakegu. Euskaldunak, feministak, auzoen eskubideen aldeko mugimenduak, kultur sortzaileak, sindikalistak, gazte prekarioak, harrera herrikoak, alternatibaren aldekoak, abertzaleak, etab. Palanka asko eraiki beharko dira oraindik Bilbo eraldatzeko, horien artean tresna mediatiko eta ekonomikoak. Baina bloke horren alde Bilbok bizi dituen pentsionisten eta feministen aldarrikapen uholdeak koka ditzakegu.
Elkarrekin-Ahal dugu, Goazen Bilbao edo Ganemos Bilbaok zaila izango dute aurreko hauteskundeetako emaitzak errepikatzea. Gainera, boto banaketak ez du lagunduko bloke horren zinegotzi kopurua igotzen. Baina bestaldetik, EH Bilduren alkategaia, Jone Goirizelaia, ibilbide politiko luzeko emakumea izanik, oso ezaguna da Bilbon eremu oso ezberdinetan. Izaeragatik Aburtori itzala erraz egin ahal dion emakumea da, gainera. Betiko politikari trajedun gizon heteronormatibo-kristau-helduaren aurrean anitzak garen milaka eta milaka emakume, adineko, migrante eta gazte bilbotar ordezkatu ahal dituen emakumea.
Maiatzaren 26ak gure hiriko beste argazki politiko bat emango digu.
Emaitza bat edo bestea izanda, segur asko, aniztasun eta ñabardura guztiekin berriro bi bloke politiko osatuko dira gure Bilbon. Bata, eskumatik, EAJren inguruan, status quo-a bere horretan mantentzeko prest agertzen diren alderdiekin, PP eta PSErekin gure kasuan. Bestaldetik, Bilbon sortzen dugun aberastasuna (ekonomikoa, kulturala, soziala, sinbolikoa etab.) bilbotarron eta auzoen artean banatu nahi dutenen blokea, justizian eta orekan oinarritutakoa.
Argi esan behar dut gustatuko litzaidakeela bigarren bloke hori ahalik eta indartsuen ateratzea. Lanera!