Goazen Bilboko gazte kultura sustatzera!

Erabiltzailearen aurpegia Kaskagorri konpartsa 2016ko abe. 13a, 09:50

Milaka gazte biltzen dituen Euskal Herriko metropoli honetan, gutxi dira burura datozkigun musika talde gazteak. Kalean galdetu eta inork gutxik zerrendatuko dizkizu 20-30 urte artean dabiltzan Bilboko 5 musika talde baino gehiago. 

Hau bai arazoa! "Nire alde 6 soka besterik ez" oihukatzen du Berri Txarrakek, eta hau da Bilboko talde askoren errealitatea ere. Musika taldeak egon badaude. Jotzeko eta sortzeko grina egon badago. Baina askotan, taldeek ez dute aurrera ateratzeko behar besteko bultzadarik.

Honetan, gazte mugimenduko kide eta eragileok ezinbesteko papera dugu, gu baikara Euskal Herri osoan, eta Bilbo gris honetan eskaintza kultural alternatiboa eskaintzeko ardura eduki beharko genukeen eragile garrantzitsuenetarikoa. Eta bereziki, jai herrikoietan murgilduta gauden gazte konpartsa, txosna eta eragileak gara gai honetan aurrera pausu bat eman, bufleak piztu eta kaleak astintzeko apustua egin beharko genukeenak.

Nork sustatuko ditu musika talde errebeldeak guk egiten ez badugu? Nork neska gazteak oholtza gainean egotea bermatu? Nork indartu egingo ditu Bilboko talde lokalak? Musika aldarrirako ezinbesteko tresna bezala ikusten dugunok, musikero gazteak zaindu egin beharko genituzke, hauei bultzada emanez, ezagutaraztera emanez, oholtza gainean leku bat bermatuz, jaietako playlist-etan Bilboko taldeen musika sartuz, gure dinamiketarako musika talde gazteei laguntza eskatuz…

Hainbat bide daude horretarako, goazen ba elkarrekin hiri honen eta auzoen soinu banda osatzera. Horretarako, datorren urtean zehar martxan jarriko dugun dinamikaren bidez, Bilbo eta Bilbo inguruko musika taldeak sustatzeko apustua egingo dugu, Aste Nagusian bai, baina baita hortik kanpo ere. Bilboko musika talde gazteen sarea osatu eta hauek indartzeko planteamenduekin Bilboko panorama kulturalari gazte aurpegia jarri nahi diogu. Musika aldarrikapena delaren jakitun izanik, goazen bozgorailuetatik gazte errebeldeon mezua zabaltzera! Beraz, musika talde bat baduzu…adi egon! Gabonetan zehar informazioa gehiago edukiko duzu! Goazen Bilboko gazte kultura sustatzera!