Musika talde bat daukazu? Gurekin kontatu!

Erabiltzailearen aurpegia Kaskagorri konpartsa 2017ko urt. 9a, 09:15

Gazte errebeldia eta musika beti eskutik joan dira; gazteon egunerokotasunean, gure ezinegonak, gure kezkak, gorrotoak, amodioak, desirak eta ilusioak elikatzen dituelarik.

Musika iraultzaren ezinbesteko osagaia da. Eta hori ondo dakigu Kaskagorrin. Horregatik, Bilboko gazte musika taldeak sustatu eta bultzatzeko, eta hiri gris hau aldatzeko ezinbesteko tresna bezala irudikatzeko dinamika abiarazi dugu.

Dinamika honen helburua, alde batetik, Bilboko taldeak ezagutaraztea eta jotzeko aukera ematea da, taldeak aurrera ateratzeko ezinbestekoa dena. Eta bestetik musika taldeen aktibazio sozial bat ere bilatzen dugu, autogestio ikuspegi batetik haien proiektuak aurrera ateratzeko eta haien aldarriak plazaratzeko.

Hau lortze aldera, hiriko auzoetako talde gazteak bilduko lituzkeen zerrenda bat osatu nahi dugu lehenik eta behin. Zerrenda honekin auzoetako zein Bilbo mailetako jai herrikoi zein dinamiketara joko genuke, eremu hauetan gure auzoetako taldeak sustatzeko.

Honekin batera, Bilboko Aste Nagusian Bilboko gazte errebeldeok eraikitzen dugun konpartsa ikaragarria dinamika honen mesedetan erabiliko genuke. Kaskagorri  Bilboko musika talde gazteen eskura jarri nahi dugu, taldeentzat salto handia izan daitekeenaren jakitun baikara.

Eta esku artean bestelako proiektu konkretuak ere baditugu, esaterako entsaio lokal autogestionatuak garatzekoak,  edota kontzertuak eskaintzera begirakoak.

Esan bezala, gure helburu nagusia auzoetako musika talde gazteak sustatzea, bultzatzea eta taldeak autogestioan oinarritutako aktibazio sozialera bideratzea da.

Zerrenda egiterako orduan lehenetsiko diren irizpide batzuk ezarri egin ditugu:

- Musika taldeko kideen adin tartea

- Sexu proportzioa

- Euskeraz abestea

- Letra aldarrikatzaileak edukitzea

- Abesti propioak edukitzea

Esan bezala, irizpide horiek ez dira mugatzaileak izango, Bilboko panorama musikalera moldatu behar garelarik.

Esan beharrik ez dago ez ditugula letra ez jokaera matxista, arrazista eta xenofoborik onartuko.

Animatu eta bidali zure taldeari buruzko informazioa. Adin tartea, genero musikala, sexu proportzioa, nongoak zareten….