MTV kateko "izar" famatuak eta BBK LIVE festibala; indibidualismoa eta kultura globalizatua; SGAE-ren kanon ekonomikoak eta proiektu autogestionatuei jartzen zaizkien trabak. Badirudi urrun geratu dela bere garaian ikur bihurtu zen “do it yourself” leloa. Hala ere, Euskal Herrian azken hilabeteetan ugaritzen joan dira testuinguru honen aurrean gazte sortzaileak eta adierazpen kultural berriak hauspotzeko proiektuak, eta Bilbo ere horren adierazle argia dugu. Kaskagorrik pasa den urtetik martxan jarri zuen KSK'N'ROLL dinamikaz gain, Deustun eta Alde Zaharrean ere dinamika ezberdinak abiarazi dituzte gazte sortzaileak lehen lerrora eramateko helburuarekin.
Hori dela eta, KSK'N'ROLL dinamikatik bi auzo hauetan garatzen ari diren dinamikak zabaltzeko, elkarrizketa hau egitea erabaki dugu. Kultura emanaldi publikoak egin ezin ditugun egun hauetan, goazen denbora hartu eta tarte batez egiten dugunaren inguruan hausnartzera! On dagizuela!
Hasteko, labur-labur zelan aurkeztuko zeniokete dinamika ezagutzen ez duen persona bati? Azaldu pare bat lerrotan mesedez.
Alde Zaharra: Hilabete bakoitzeko ostegun batean gazte sortzaileei Zazpi Katuko ateak ireki eta haiek lantzen dutena erakusteko, konpartitzeko, azaltzeko... dinamika da. Arte espresio protagonistak alde batera utzi eta kultur arloan bazterrean dauden horiek fokoen azpian jartzeko anbizioz sortu dena.
Deustuko “Lurrikara”: “Lurrikara”, “Deustuko gazte sortzaileen plaza” izendatu ahalko genuke gure proiektua, non Deustuko zein inguruko artistei haien lanak aurkezteko espazioa eskaintzea da helburua.
Zer dela eta sortu zenuten dinamika? Zeintzuk izan ziren zuen ezinegonak horrelako proiektu bati heltzeko?
A.Z.: Zazpi Katun espazioaren erabilpenaren inguruan hitz egitean konturatu gara jai-girora bideratutako ekintzak eta jaialdiak direla nagusi. Zazpi Katuk bizitza propioa izan behar duela argi daukagu, eta auzoko espazio bat den heinean auzoaren mesedeetara egon behar da, auzokideen behar eta nahiei erantzuteko. Hainbat gazte sortzaile hurbildu dira azken hilabeetan gugana haien lanak garatu edota esposatzeko eskaerak eginez, beraz, gaztetxeko ateak behar hauei erantzuteko zabaltzea erabaki genuen. Hala ere, azkenaldian sortu diren gazte sortzaileen dinamika ugari musikari oholtza uztera bideratzen dira, gaur egun modan dagoen musikari gainera. Guk aldiz, Zazpi Katu gaztetxea hainbeste ikusten ez ditugun horiei zabaldu nahi diegu, alegia, antzerkigileei, zirkoa egiten dutenei, dantzariei, idazleei... jakin badakigulako askoz aukera gutxiago dituztela sormena lantzeko.
D.L.: Deustun sortzaile askoren agerpena nabaritu genuen, eta mugimendu hau nolabait islatu nahi genuen Deustuko Gazte Lokalean. Bestalde, Gazte Lokalaren desalojo arriskua zela eta, ekintza mota hauek gelditu ziren. Behin arriskua urrunago geratuta, kontzertuak eta emanaldiak berreskuratzeko asmoa izan genuen eta “LURRIKARA Deustuko Gazte Sortzaileen Plaza” kolektiboa sortzea erabaki genuen, Gazte Lokalaren inguruan halako talde baten falta ikusita, bai gure auzoko bai inguruetako sortzaileek haien lanak aurkezteko espazioa eskainiz eta Deustuko gazteriari aisialdi plan alternatiboak eskaintzeko asmoz.
Eta horrekin lotuta, balore jakin batzuen bueltan planteatu duzue dinamika? Uste al duzue mugimendu kulturalak perspektiba askatzaileetatik eraiki behar direla?
A.Z.: Noski. Artea eta kultura politika egiteko tresna ezinbestekoak direla uste dugu, beraz, ulertzen genuen haien sormena aldarrikapenez betetzen zuten horiei eman behar geniela aukera. Zazpi Katu gaztetxea Bilbon kokatuta dagoen espazio euskalduna den heinean, emanaldi guztiak euskaraz izatearen baldintza ezinbestekoa da. Bide beretik, fokoetatik at gelditzen diren emakumeak oholtzara igotzeko apustua ere egin dugu. Eta zelan ez, gaztetxe bat garen heinean, artista guztiak gazteak izatea erabaki genuen. Mikrofonoa eta argiak beti izaten dira botere espazioak, eta beraz, asko zaindu beharra daukagu nori eta zergatik eskaintzen dizkiegun, bertatik ere, iraultza asko egin daitezkeelako.
D.L.: Orokorrean, planteatzen ditugun balorerik garrantzitsuenak autogestioa eta sormena dira. Gure ustez, lan kultural bat sortu duen edonork espazio bat merezi du gure panoraman, hori bai, ikuspegi sozial eta politiko minimo bat kontuan hartuta. Galdera honen bigarren zatiari erantzuteko adierazi nahi dugu kultura kaleko jendearen adierazpen tresna izan dela historian zehar. Izan ere, kaleko mugimendu sozialak betidanik lotu dira kultura eta musika ildo zehatz batekin (Hippiak 60ko hamarkadan, Britain Handiko siderurgia sektoreko langileen Heavy Metala…). Mugimendu hauek musika eta kultura erabili zuten haien izaera adierazteko. Gaur egun, nabaria da gure panoraman gazteok kanal hau erabiltzen dugula nolabaiteko askapen baterako, non gure ideiak, aldarrikapenak, sentipenak eta izaera aurkezten ditugu. Izan ere, kanal hau sistemaren kontrako izaera hau adierazteko biderik erabilitakoena eta hedatuenetarikoa da. Nolabait, ideia hauek gure “plazan” adierazi nahi ditugu, eta autogestioarekin bat egiten dute gurean.
Noiz hasi zenuten dinamika eta zer egin duzue orain arte? Dinamikak orain arte izandako ibilbidearen laburpentxo bat egin dezakezue?
A.Z.: Dinamika 2020ko urtarrilean egin genuen publiko eta ordutik hona bi emanaldi egin ditugu. Urtarrilean laburmetraiak proiektatu zituzten EHUko ikus-entzunezko ikasle batzuek, eta otsailean arte ederretako bi ikaslek haien proiektua aurkeztu ziguten (ezkutatzen irakatsi diguten emozio horiek azalerazteko beharra aldarrikatzen duen lana). Ibilbide oso laburra izan da orain artekoa, eta horren adierazlea da emanaldietara hurbildu den ikusle kopurua. Kultura munduan nahiko zaila izaten da erreferentzialtasuna irabazi eta agendan tokia irabaztea, beraz, pixkanaka-pixkanaka eta konstantziarekin landu beharreko proiektua izango da gazte sortzailean dinamika hau.
D.L.: Proiektua 2019ko apirilean sortu genuen Deustuko Gazte Asanbladaren laguntzarekin. Gure asmoa hilean behin Gazte Lokalean emanaldi bat antolatzea da, baina espazio honen eskaintza handia dela eta, ez dugu lortu nahi genuen maiztasun guztia. Orain arte 3 jaialdi antolatu ditugu eta Deustuko eragileen beste jaialdi batzuen antolakuntzan hartu dugu parte, nolabait, gure “zerbitzuak” beste talde eragileei eskaintzen ditugu haien emanaldien antolakuntza lanak asetzeko. Gure jaialdietan hurrengo taldeek hartu dute parte: Nize eta Leie Meie (2019ko apirilean), Natural Disaster eta Zetalau (2019ko urrian), Saltamontezz eta The Duppies (2019ko abenduan). Berez, emanaldi bakoitzan auzoko talde bat bermatzea dugu helburu, eta talde osorik ezean, taldekideren bat. Beste alde batetik, nabarmendu genuen gure inguruko Rock taldeen lan gogorra ez dela ia inon islatzen, eta gutxitasun hori asetzeko abesti zerrenda bat sortu dugu, non talde hauen zein talde famatuen abestiak aurkitu ahal diren. Zerrenda hau gure jaialdietan ipintzen dugu talde hauei ahotsa emateko gazteon artean.
Udaletxearen adierazpenei erreparatzen badiegu Bilboko eszena kulturala bor-bor omen dago, baina antza ez dator mundu guztia horrekin bat. Zuek nola ikusten duzue orokorrean panorama kulturala bilbon? Eta zuen auzoetan?
A.Z.: Bilboko eszena kulturala bor-bor baldin badago, ez da udaletxearen eskaintzari esker izango. Dagoen eskaintza kulturala, alde handi batean, Bilboko zein auzoetako elkarte, eragile zein kolektibok eginten duten lanari esker da posible. Adibidez, “Lautan Hiru” antzerki txikien dinamika, jai-herrikoiek antolatzen dituzten eskaintzak... Gainera, hauek antolatzeko instituzioen etengabeko trabak jasan behar izaten ditugu. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak araudi bat atera zuen, zeinak urtean, taberna bakoitzean, 12 kontzertu egitera mugatzen zituen ostalariak. Honen aurrean, kultura arloko hainbat musikari, tabernari, artista… “Arteak Ireki Plataforma” sortu zuten eta araudia atzera botatzea lortu zuten. Herri mugimendutik bultzatutako eskaintza kutural bakoitza borrokaren bidez lortu da.
D.L.: Bilbon eskaintza kulturala anitza dela uste dugu, hala ere, eskaintza hau ez dago bertoko sortzaileei bideratuta. Orokorrean, udaletxeak beti mugak zehazten ditu. Hau justifikatzeko Aste Nagusiko udaletxearen kontzertuei erreparatzea besterik ez dago, non ia talde denak kanpotarrak dira, nahiz eta hemen bertan ere kriston taldeak dauden. Dena den, Bilbok badauka espazio bat bertoko lan kulturala islatzeko, hauxe da Bilborock. Denok ezagutzen dugu espazio hau eta gure ustez halako leku bat edukitzea hirian bertan pribilegio bat da, bai entsegu lokalak zein emanaldietarako espazio itzela eskainiz. Gainera, “Let’s Jo” dinamika sortu zuten duela urte batzuk, non Bilboko talde xumeei Bilborock-eko eszenatokian jotzeko aukera eman zioten. Halako ekintzek gure lana islatzen dute era nagusi batean. Gure auzoari erreparatzen badiogu, ekintzek dute hitza. Pasa den urteko ekainan gure auzora ekarri zuten BBK Live-eko jaialdi txikia uztaileko makrofestibala promozionatzeko asmoz. Ondo deritzogu halako eskaintza musikala gure auzora gerturatzea, baina udaletxeak eskeinitako dirua jaialdi honetarako 1.400.000€-tako ingurukoa izan zen, jaiak antolatzeko Jai Batzordeari 1200-1500 €-tako laguntza besterik eskaintzen ez dion bitartean.
Eta espazioei dagokionez? Azken aldian bilboko herri mugimenduaren salaketa nagusietako bat da, espazio falta eta honen pribatizaziorako udalak duen plana. Zelan ikusten duzue zuek gaia eta zelan lotzen duzue sorkuntza kulturalarekin?
A.Z.: Espazio publikoa eta sorkuntza kulturala guztiz lotuta daude, izan ere, bestelako lekurik ez daukaten artisten aukera bakarra kalea erabiltzea da. Bilboko Udalaren Espazio publikoaren ordenantzaren bidez, denona den kalearen erabilpena mugatzen da, plazak, parkeak eta kaleak pribatizatuz. Sorkuntza kulturalaren kasuan, Bilboko udalak ordentza honen bidez, kaleko artistei baldintza batzuk exijitzen dizkie: lizentzia izan behar dute, gehienez 45 minutuko iraupena izan behar du ikuskizunak, ordutegi konkretu baten barruan egin behar dute… Hortaz, espazio publikoa ez dago denontzat eskuragarri, udalak erabakitzen du nork eta zelan erabili.
D.L.: Ba argi dago sortzaileen lanak aurkeztu nahi baditugu espazioak behar ditugula. Bilbon oso guxti dira gazte sormenaren alde apustu egiten duten lokalak edo tabernak, eta gune autogestionatuek gero eta muga eta zailtasun gehiago dituzte. Gainera, honi gehitu behar diogu Jaurlaritzak pasa den urtean egindako proposamena bazalakoak: bakarrik egin ahal izango zen kontzertu bat hilabetero taberna bakoitzean. Hau kriston oztopoa da edapen kulturalerako. Ta amaitzeko gehitzen baditugu soinu eta ordutegi mugak ikusi dezakegu halako eskaintza bultzatzea nahiko zaila dela gure egoeran.
Arazoa orokorra bada ere, gazte sortzailea bideratutako dinamika jarri duzue mahai gainean. Zergatik gazteei bideratutako dinamika bat?
A.Z.: Gure dinamika gazteei zuzenduta dago gazte asanblada batetik sortu delako, batik bat. Konturatu ginen gaur egun gero eta gazte sortzaile gehiago daudela, eta gainera, horietako asko guregana hurbildu dira azkenaldian haien lanak erakusteko helburuarekin. Gazte sortzaileei espazioa eta aukera eskeintzearen beharra agerikoa da, eta dinamika martxa jartzea erabaki genuen.
D.L.: Hutsune hori gazteengan nabaritu genuen gure auzoan. Izan ere, talde eta bakarlari nagusiek badaukate gure auzoko tabernetan emanaldiak egiteko aukera urtean hiru alditan, gabonetan, Deustuko jaietan eta udan. Hau denak plataforma batek antolatzen ditu eta halako zeozer sortu nahi genuen gure belaunaldirako. Dena den, ez dugu arazorik talde helduagoekin ere lan egiteko. Izan ere, batzuekin harremanetan jarri gara jada.
Ze asmo duzue aurrera begira?
A.Z.: Dinamika bera gehiago zehaztea eta hobetzea da gure helburua hemendik aurrera. Zalantza eta galdera askorekin hasi ginen, eta pixkanaka-pixkanaka horiek argitzea da asmoa, batez ere, jendearengana hobeto heltzeko eta erreferentzialtasuna lortzeko. Hau hasiera baino ez da, bide asko daukagu aurretik, baina argi daukagu gazte sortzaileentzat beti egongo direla 7 katuko ateak irekita.
D.L.: Alde batetik, emanaldiak eskaintzen jarraitu. Gustatuko litzaiguke, musikaz gain, beste motatako emanaldiak eskaintzea: antzerkia, olerkiak, monologoak… Bestalde, gure asmoa gure lana web orri batean islatzea da. Honi oraindik forma eman behar diogu, baina ideia da plataforma digital bat sortzea non sortzaileen zerrenda zein lanak eskuragarri dauden, kontzertuen kronikak eta albisteak gehituta. Dena den, esan dudan bezala, ideia hau gehiago landu beharko genuke.
Amaitzeko, KSK'N'ROLL dinamikaren partez eskerrak ematea elkarrizketa hau erantzun izanagatik; eta zorte on deustun, alde zaharrean edota euskal herriko beste edozein txokotan gazteon eszena kulturalari bultzada emateko sortuko den proiektu orori! Jarrai dezagun guztion artean herriaren kultura pizten!
A.Z.: Mila esker Kaskagorriri elkarrizketagatik eta Bilboko gazte sortzaileon dinamikei tokia egiteagatik. Eta amaitzeko, Bilboko gazte orori luzatu nahi diogu gonbidapena hurrengo emanaldietara hurbiltzeko, kultura ere borrokarako esparrua da, beraz, eman diezaiegun behar eta merezi duten bultzada gazte sortzaileei. (Edozein kontakturako zazpikatugaztetxea@gmail.com edo 688695826 telefonoan.)
D.L.: Milesker zuei! Oso garrantzitsua da gure artean ideiak partekatzea! Argi dago gure auzoetako sortzaileei ahotsa eman nahi badiogu, lehendabizi halako mugimenduak bultzatzen dituzten plataformei ahotsa eman behar diegula.
Bestetik, Jai Batzordeei bideratutako mezu bat zabaldu nahiko genuke: oso garrantzitsua da auzoetako lan kulturala islatzen duten ekintzak antolatzea, batzuetan ahazten zaigu hurbil daukaguna eta beti bilatzen ditugu gure auzoetatik kanpotako taldeak kartelak betetzeko. Auzoen distira bertoko sortzaileengan aurkitu ahal da!
Azkenik, aprobetxatu nahiko genuke deialdi bat ere egiteko: Deustu edo inguruko sortzaile kulturala bazara eta gure dinamikaren parte izan nahi baduzu gurekin jarri harremanetan hurrengo e-mailean: lurrikara.dgsp@gmail.com ala hurrengo zenbakian: 688669796.