ASTE NAGUSIA 2014. BILBOKO KONPARTSEN EGITARAUA

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2014ko uzt. 30a, 09:30

Urte betez itxaroten egon eta gero, egun gutxi batzuk baino ez dira falta hiri hau eraldatzen duten egun zoragarrienak heltzeko. Abuztuaren 16an, arratsaldeko 19etan, Asier Garciaren pregoia entzun eta gero, Loreto Errastik Aste Nagusiari hasiera emango dion txupina botako du Arriagatik, Marijaiaren eskutik bilbotar eta bisitari ororen gozamenerako zoramenezko 9 egunei hasiera emanez. Eta txupinarekin, urtero bezala, denok parte hartu eta gozatu ahal izateko ehunka aktibitate etorriko dira.

Dagoeneko Aste Nagusian izango ditugun hainbat ekimen eta aktibitate aurkeztu ditugu, bai Bilboko Konpartsok, bai Jai Batzorde Mistoaren lehendakaria den jai-zinegotziak: Ekhi txanpona, Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival (BKAFF), kontzertuak, folklorea…

Nola ez, aurrekoei, urtero bezala, konpartsok antolatzen ditugun beste AKTIBITATE MORDO BAT gehitu behar zaie. Ezinezkoa zaigu antolatzen ditugun ehunka aktibitateak izendatzea… Gosea egiteko, hona hautaketa labur bat: igela eta tiragomas; skate; dantza ikastaroak (euskal dantzak, sabel-dantza, karibekoak…); bertsolaritza emanaldiak eta bertso-bazkariak; ginkanak; zuzeneko irrati-saioak; musa; kukaña; txalaparta; magic, bloodbowl eta warhammer; bilbo kantari; herri kirolak; suzko zezena, futbol 3 Athletic fundazioarekin eta saskibaloia; trainerak; kalejirak; arrantza eskola; antzerkiak; xakea (nazioarteko txapelketa barne); azokak eta erakusketak; piraguak; aerobithoia; eta abar luze bat.

Aste Nagusiak adinik ez duenez, jubilatuentzako bazkaria eta umeentzako puzgarriak, emanaldiak, tailerrak eta jolasak ez dira faltako.

Beti bezala, MUSIKA eskaintzak ere leku berezia izango du gurean. Dagoeneko aurkeztu diren kontzertuei, bestelako taldeak gehitu behar dizkiegu. Honela, hainbat erromeria, DJ eta bestelako musika emanaldirekin batera, besteak beste, Willis Drumond, Porco Bravo, Nuevo Catecismo Católico, Cobra, Gose, Kashbad, Las Tea Party, McOnak, The Cherry Boopers, Pablo Hasel, Las Fellini, Erramun Martikorena, Anje Duhalde… izango dira Aste Nagusian.

Gosea benetan kentzeko, gastronomiari lotutako hainbat aktibitate izango ditugu: janari dastaketak, ardo eta garagardo dastaketak, bazkariak… eta, urtero bezala, SUKALDARITZA TXAPELKETA. Izan ere, BKAFFaz gozatzeaz gain, beti bezala, asteartetik igandera Areatza lapikoz beteko dugu. Ez ditugu ahaztu behar umeentzako sukaldaritza eskolak, astelehen, asteazken eta ostiralean. Aurtengoan, gainera, konpartsen arteko lehen pintxo-txapelketa izango dugu asteazkenean.

Eta janariari lekua egiteko, aipatutako kirol ekintzez gain, aurtengoan ere Aste Nagusia HIRI KROSA izango dugu. Kategoria ezberdinetan parte hartuko duten 2000 korrikalariek zehaztutako egunetan jaso ahal izango dituzte dortsalak azpimarratu behar da aste betean izena-ematea itxi zela eta parte hartzaileen heren bat emakumeak direla. Aurten, gure artean izango ditugu Worhenet Fikire eta Taferi Hunde eritrearrak, Ismael Razga eta Samira Ahbouche marokiarra, eta Imanol Cruz, Leire Medina, Unai Saenz, Iraia Garcia eta Jon Salvador euskaldunak.

Baina gaurkoan bereziki aurtengo Aste Nagusian izango dugun aktibitate bat azpimarratu nahi dugu, izan ere, hainbat urte igaro eta gero, berriro ere GOITIBERAK bueltatuko dira Aste Nagusira Bilboko Konpartsak eta Udaletxearen eskutik, hau da Jai Batzorde Mistoaren eskutik. Abuztuaren 23an (larunbata), goizeko 11etatik aurrera, Zumalakarregiko bihurguneetan inertziako kirolen modalitate ezberdinak gozatu ahal izango ditugu: neumatikoak, arinak… Euskal Ligarako baliozkoa izango delarik.

Parte hartu nahi dutenek, honen inguruko argibideak Bilboko Konpartsen webgunean topatuko dituzte.

Azkenik, gogoratu 23an bertan, arratsaldean, BANDERA URDINA ETA MARROIA banatuko direla, Aste Nagusiko onenari eta txarrenari.

Gainera, aurten ere KANPAIA eta EULIA sariak banatuko dira, txosnarik ederrenari, eta “gehien hobe daitekeen” txosnari. Aurten, berrikuntza bezala, sari hauen irabazleak herritar eta bisitariek aukeratuko dituzte. Informazio hau txosnetan astean zehar banatuko dugularik.

Aktibitate hauek guztiak gure webgunean (www.bilbokokonpartsak.com) zein Aste Nagusian zehar banatuko ditugun 15.000 eskuko egitarauetan kontsultatu ahal izango dira eta nola ez gogoratu gure txosnetan hau guztia laguntzeko hartuko ditugun poteak edalontzi berrerabilietan hartuko ditugula.

Orain dela 36 urte milaka bilbotarrek haien indarrak, ilusioa eta irudimena batu zituzten, haien buruari Aste Nagusia den altxorra oparituz. Ordutik, Marijaiak urtero-urtero bisitatzen gaitu, bere jaian parte hartzera gonbidatuz, berea ez dena, ezta gurea, ezta inorena ere. Aste Nagusia abuzturo Bilbon dabilen aire freskoa delako, hau alaitasunez eta bizitzaz betez. Eta airea librea da, ez delako inorena eta, beraz, guztiona delako.

Kaleak hartzeko ordua da, dantzatzeko, barre egiteko, jateko, jolasteko, elkarbanatzeko, maitatzeko… eta, azken finean, parte hartzeko, Aste Nagusiaren gakoa dena.

Orain dela zenbait urte ingeles bat Bilbora etorri zen, eta Aste Nagusia ikustean txundituta esan zigun ez ginela esku artean genuen mirariaz jabetzen. Ez zuen alde egin nahi izan, eta ordutik ez dio Bilboko gainontzeko erraldoiekin dantzatzeari utzi. Gogoan har ditzagun ingelesaren hitzak.

 

GORA ASTE NAGUSIA!

GORA MARIJAIA!

 

http://www.bilbokokonpartsak.com/aste-nagusia-2014-egitaraua