Kopla Txikiak berreskuratu ditugu bigarren urtez Aratuste aurreko zapatuan. Bilbo Rock aretoan burutu genituen aintzinatik Hiribilduko hainbat idazkietan jasotzen diren satiraz beteriko kanta umoredun hauek. Ikuslez gainezka izan zen Bilbo Rock aretoa eta apurka-apurka partehartzaileen kopuruan ere gora dihoan lehiaketa hau denon gozamen eta dibertimendurako izan zen.
Aratusteen egitarauan klasikoa bihurtzen ari den Pontxe eta Tostada Lehiaketaren bosgarren edizioa ospatu zen urtarrilaren 31n, igandea. Aurreko urteetako markak apurtu ziren, guztira 76 talde, konpartsa,banakako pertsonak zein arloko profesionalek aurkeztu zituzten haien pontxe eta tostadak.
Ostegunean 10 kale-kontzertu antolatu ditugu Alde Zaharreko hainbat txokotan. Aurten, Santa Ageda bezperak eta Aratusteetako eguen potoloak egutegian bat egin duten horretan, herri honetan elkarbizi diren estilo ezberdinak uztartu dira bata bestearen atzean, egunean zehar herri tradizioa entzun ahal izan dugu 7 kaleetan zehar, eta iluntzean gaueko giroari alaitasuna emateko rock and rolla eta bestelako musika estiloek hartu zuten lekukoa.
Aintzinako Bilboko mozorro tipikoek ere kalea hartu zuten ostiralean eta Zazpi Kaleak mozorrotu eta apaindu ditugu. Farolin eta Zarambolasen aintzinako epaiketari berriz ere heldu genion Aratuste ostiralean eta aurten ikusle hutsak izatetik antzezle izatera egin dugu salto! Ez gara antzerkilari profesionalak, baina ilusio handiz hartu genuen erronka! Aratusteak herritik eta herriarentzat!
Eta Aratuste Zapatu Nagusian itzela izan zen Abando inguruan ikusi eta disfrutatu ahal izan genuen guztia; eguraldia lagun (azken urteetan lehen aldiz) 9 kontzertu egon ziren hainbat gunetan, mozorro eta taldeen pasean 54 taldek hartu zuten parte, iaz baino izen emate handiagoa, txikigunea txiki gelditu zen Zabalgune inguruan eta goizetik gauera primerako giroa eta parte-hartze polita izan genuen Abando inguruko kaleetan, mozorro eta dantzaz inguraturik.
Gastronomia arloak gose eta egarria asetu zigun Kale Nagusian eskaini ziren txerri txorizo pintxoekin eta hanburgesa zein txorizo begano eskaintzarekin. Aurten ere antzinako errezeta izan genuen: Baratxuri salda ikaragarri gozoa eta datozen urteetarako ere slow food filosofiari jarraituz etxean bagina bezala bestelako plater elikagarri eta gozoak asmatzen hasita gaude!!!
Abando gunean egunari hasiera eta amaiera eman zion Bilboko Uraz betetako botila erraldoiak, haizete gogorrak zirela eta ezin izan genion nahi bezala kortxoa kendu, baina ez zen eragozpen nahikoa izan gure giroa zapuzteko eta Alde Zaharreko Santiago Plazan jarritako iturriak espektatibekin bat egitea lortu zuen. Bertan jarritako iturritik Bilboko Ura izan zen eskuragai hara hurbildu ziren guztientzat, antzinako Bilboko inauterietan ohi zen bezala.
Domekako babarrun lehiaketan 74 lapiko aurkeztu ziren eta horrekin eman genion amaiera jai gastronomikoari. Esan beharra dago Plaza Barrian burutzen den lehiaketa honetan parte-hartzea handitzen dela urtetik urtera Bilbotarroi kalean bizi, sukaldatu eta gozatzea zeinen gustuko dugun islada.
Eta sardinaren erreketarekin batera urtero bezala Aratusteei agurra egin diogu datorren urtera arte. Ia lortu dugun eta hemendik aurrera udaberria gure deia entzun izan duen. Negurari agur esan diogu Bilbotarrok urtarrilaren 30etik otsailaren 9a arte ospatu ditugun ekimen guztien bitartez.
Horregatik guztiagatik, zalantza izpirik gabe esan dezakegu iaz abiatutako inauteri eredua sendotu egin dela aurtengo edizioan. Dena den, jakitun gara hobekuntzarako tarte zabala dugula oraindik eta aurten izandako akatsak identifikatu eta hausnarketa egiteko garaia dugu orain. Nahiz eta ekitaldi ugari programatu, badira aurrera atera ezin izan ditugun ideiak, guretzat baliozkoak direnak, eta gure hitza duzue datozen urteetan horiexek martxan jartzen ahaleginduko garela.
Badakigu ere eredu berria egonkortzeko bidean ezinbestekoa dela jendearteari egitaraua modu argian helaraztea, oraindik ere eredu berri honek dakartzan ekimenak ezezagunak baitira zenbaitentzat. Horregatik aurten hainbat euskarri erabili ditugu gure mezuak zabaltzeko: kartelak, bideoak, sare sozialak… Denboraz justu xamar ibili garen arren datorren urtean konponduko dugulakoan gaude. (Nahiz eta badakigun berandu samar ibili garela).
Ezin ahantz dezakegu bide honetan gurekin elkarlanean aritu diren lagun guztien esfortzua eta bihotzez eskertu nahi dugu zintzoki egindako lana; ezinezkoa da guztiak zerrendatzea, baina datozen urteetan haiekin ere kontatu egiten dugu ideia borobiltzeko eta guztion artean Bilboko Inauteriak arrakastatsuak eta apartekoak izan daitezen. Esker berezia ere Jai Batzorde Mistoari, talde politikoko kide zein inguruan egon garen teknikari eta konpartsakideen arteko elkarlanari esker iaz hasitako eredua sendotzea lortu dugulako.
Eta nola ez, bereziki aipatu eta eskertu nahi dugu aurtengo Farolin eta Zaranbolasen irudiak gorpuztu dituzten Ane Zabala eta Galder Pérezen lana, ezin hobeto bete baitute zegokien papera. Bilboko inauterien izpiritu eta gidari izan dira eta hasiera-hasieratik erakutsi digute zer den Bilbotar eta inauterizale izatea, jaiari heldu eta azken momentura arte bertako giroaz eta mozorroez gozatzea.
GORA BILBOKO INAUTERIAK!!