Datu bat baino ez dugu bota behar Aste Nagusi honetako protagonista zein izan den ulertzeko: Bilboko Konpartsetako txosnetan iazko izotz kopuruaren bikoitza kontsumitu dugu aurten! Hor uzten dugu datu beldurgarri hau. Eta zelan ez... jai herrikoi eta parte hartzaile hauetan bizi irauteko irudimena erabili behar izan dugu, Aste Nagusia oso sortzailea delako, eta egunak pasa ahala konpartsok bero itogarriari aurre egiteko asmakizun berriak sortzen joan izan gara: Andaluziako terrazetan ikusten diren aspertsoreak, barra ondoan sortzen joan diren umeentzako eta hain umeak ez garenontzako dutxa inprobisatuak, igerilekuak... argi dago Aste Nagusian dena dela posible!!! Bilbon Saharako eguraldia izatea ere bai!
Eta aurten abisatu genuen errekara salto emango genuela… apur bat sorginak garelako eta bagenekien freskatzea beharko genuela! Momentuz oina jarri dugu errekan, eta asko ikasi dugu datorren urtean benetako saltoa emateko, eta aurten izan ditugun arazo teknikoak gainditzeko. Baina agerian gelditu da erreka dela etorkizuna, aurten bertan egin diren ekimen guztiak parte hartzean igo egin dutelako… eta formula berriak sortzen joan direlako errekaren inguruan… inkluso aurreikusten ez genituenak: errekara begirako barra muntaian kontuan izan beharko ditugu! Aurten errekatik ibiltzen ziren piraguistek ere katxiak eskatu dituztelako bertatik! Beraz datorren urtean erreka guztiz hartuko dugu eta jaietan ere Bilbon den ardatza izatea espero dugu.
Eta aurtengo Aste Nagusiko gure balantzean azpimarratu nahi ditugun beste ideien artean ezin utzi aipatu gabe zeru garbi horretan egondako hodei beltz bakarra: eraso matxistak. Baina buelta emateko asmoa dugunez ideia batekin gelditu nahiko genuke; azpimarratzekoa da erasoen aurrean jendartea ematen duen erantzun maila. Eta Aste Nagusia oso adibide argia izan da honetan. Erasoen aurrean aurten Aste Nagusia gelditzera heldu gara, ostiralean ordu betez txosnak itxiz eta ekitaldi guztiak bertan behera utziz gabeko 23:30etatik 0:30etara, baina erantzun hau ez da soilik gurea izan, eta azpimarratu nahi dugu erantzun honetan egon den parte hartzea, txosnekin batera itxi duten tabernetako kideak, kontzertuetako lagunak, Hiri Krossean aritzen den eta parte hartzen duen kidego guztia ekimen hau erantzunaren partea bilakatuz... eta zelan ez ordu horretan geldialdiaren partea izan den jendartea bera jai gunean egonda. Aste Nagusia gelditu dugu baina gu ez gara gelditu! Erasoen aurrean bide bakarra dagoelako; erantzun herrikoia eta autodefentsa feminista! Eta horretan Bilboko Konpartsak erreferentzia izan da; gure bulegoko telefonoak jaso dituen salaketak, txosnetara zuzendu izan da jendea ere protokoloa martxan jartzera, konpartseroen laguntza eskatu denean… Eta etorkizunean bide honetan sakonduko dugu kaleak, gauak eta jaiak emakumeonak ere izatera heldu arte!
Parte hartzeari dagokionez gogoratzea 500 baino gehiago diren mota guztietako ekimenak egon direla guztion gozamenerako eta haietatik jendetsuenak beti bezala: Gastronomikoa eta Hiri Krosa.
Gastronomikoan azpimarratu umeen master txikiaren arrakasta ia 800 ume parte hartu dutelarik eta datorren urteari begira ordenatze aldera arauak eta formula berriak asmatu eta martxan jarri beharko ditugula argi gelditu dela kontuan hartuko dugu, 500 tortilla baino gehiago, Txipietan 76 kazola, Makailua bizkaitar erara 56 kazola eta pil-pilean 76, marmitakoan 155 kazola eta buztanarekin… kazola. Aurreko urteko markak berriro gaindituta!
BKAFFen makila Getxotik etorritako Andoni Ruizentzat izan da eta Makailuaren Jaunaren saria Santutxuko Hiru Lagunak taldearentzat.
Hiri krosa aurten 20. Urteurrena betetzen zuen eta helmugan sartu den lehena baino bizkorrago agortu ziren aurten dortsalak izen ematean. Berriro ere marka guztiak hautsi ditu egindako beroaren gainetik. Eta gainera aipatu nahi dugu ibilbidea eta ordutegia mugitu behar izan genuela eraso matxisten salaketa burutzeko kontzentrazioak bat egiten zuelako probarekin, beraz lehen esan dugun bezala Hiri Krosa erasoen aurkako erantzun herrikoiaren parte eta zentroa ere bihurtu zen ostiralean.
Aurten gure ikurra den eredu parte hartzailean izandako berrikuntza ederra egon da; Aste Nagusiko jai gunean bizi izandako une ezberdinak marraztu dituzte zuzenean Dibujatodoelrato taldeko kideen laguntzarekin. Mugikorraren kulturari aurre eginez argazkiak atera beharrean marrazkien bitartez Aste Nagusiko une errealak jaso ditugu paperean. Ari gara aztertzen non eta nola egin ahal den erakusketa bat marrazki guztiekin.
Eta aurten ere lehen aldiz edalontzi berrerabilgarriaren ereduan esperientzia pilotu bat abiatuko dugu erabilitako edalontziak jaso eta higienizazio industriala eginez. Edalontzien berrerabilpenaren 2.0 bertsioa izendatu dugu esperientzia hau. Eta oso balorazio positiboa egin dugu, 12.800 edalontzi berreskuratu direlarik. Datu interesgarriak lortu ditugu datorren urteari begira esperientzia hau lantzeko eta bide honetan sakontzeko.
Amaitzeko: aipatu Gisèle Felli, aurtengo Txupinera, eta Patxo Telleria Pregoilariaren lana! Denetatik egin dute, gau eta egun festa giroaz gozatuz. Haien haien jarrera eta jairako erraztasuna eskertzekoa da benetan eta gainera aurten lehen aldiz Pregoilari bat Donostira bidali izan dugu enbaxadore lana egitera! Aste Nagusia izanda bere filma Igelak aurkeztera joan zen Donostira Zinemaldiaren aurrerapenetan. Jantziarekin joatea gehiegizkoa iruditu zitzaigun!
Gora Jai herrikoi eta parte hartzaileak! Gora Marijaia!