Gaur banatu dute Bilboko Konpartsek egutegien salmentarekin ateratako dirua eta San Tomaseko saskia

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2016ko abe. 29a, 08:40

Egutegien salmentarekin lortutako dirua LaboreBilbori eman zaio aurten, ekoizle eta kontsumitzaileak hurbiltzeko asmoa duen proiektuari. San Tomas egunean zozketatu zen bertako produktuz hornitutako saskia Komantxe Konpartsari suertatu zaio, haiek erosi baitzuten 0395 zenbakidun txartela zekarren egutegia.

Adiskidetasun giro politean eta jan-edanaren epelean banatu dute gaur Bilboko Konpartsek San Tomas egunean zozketatutako otzara ederra eta egutegien salmentan lortutako dirua.

Komantxe Konpartsak erositako egutegien artean zegoen San Tomas eguneko zozketan saritutako 0395 zenbakia zekarrena eta pozik jaso dute gaur suertatu zaien saski oparoa. Nekasareko Ganekoop Kooperatibako ortuariak, Basatxerriko txerrikiak, Boga garagardoa eta Esnetik Kooperatibako eta bidezko Merkataritzako produktuz beteriko saskia "Konpartsan afari ederra egiteko" probestuko dutela aitortu digute konpartsakideek. Zorionak eta on egin!

Horrez gain, eta urtero legez, bertoko nekazaritza edota abeltzaintzarekin harremana duen proiektu bati eman zaio egutegien salmentarekin lortutako dirua. 2017rako egutegien salmentatik lortutako dirua, hau da, 1.080 euroak, LaboreBilbo egitasmoari helaraztea erabaki dute Bilboko Konpartsek. Abian jarri berri den elikadura burujabetzaren aldeko kontsumitzaileen kooperatiba da LaboreBilbo, produktore eta kontsumitzaileak hurbilduz beste kontsumo eredu bat eraikitzea helburu duena. Konpartsen ordezkarien hitzetan "zinez aberasgarria izan da guretzat guztiontzat bestelako jendarte eredu baten alde lanean diharduten kideekin goiza igaro eta haien proiektuaren berri lehenengo pertsonan ezagutzeko aukera izatea".