Zapatuan, egun osoz, jai-giroan izango gara Bilboko Konpartsetako ia 2.000 kide, haurrak, gazteak, adinekoak, jaizale eta Aste Nagusiaren zale amorratuak lapikoak berotzen, Aste nagusirako atzera kontua hasi den honetan. Izan ere, jai-eredu herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzailearen lehen abisua dakar uztailaren erdian urtero ospatzen den Konpartsakide egunak.
Konpartsakideon festa handiarekin bat egin nahi duen orok tomate eta piper berdeen doako dastaketaz gozatzeko aukera izango du eta Bizkaiko Txakolinaren botilakada batzuk izango dira topa egiteko. Hain zuzen ere, 100 kilo tomate eta 500 dozena piper prestatuko da Areatzan, Bilboko Konpartsetako Gastronomikoaren arduradunek azaldu dutenaren arabera. Ez dute aukera galdu Euskolabeli eta Bizkaiko Txakolinari eskerrak emateko, Bilboko Konpartsoi eta Aste Nagusiari ematen dioten babesagatik eta egiten duten produktuen ekarpenagatik.
Aurten, gainera, bi berrikuntza aurreratu nahi izan dituzte Bilboko Konpartsetako ordezkariek. Batetik, umeak modu aktiboagoan inplikatzeko konpromisoa. Azaldu dutenez, “orain arte hainbat eta hainbat ekintza prestatu eta programatu ditugu gure txikientzat, eta aurten, pauso bat haratago joan nahi izan dugu eta haiei protagonismo osoa eman. Konpartsakide-eguneko umeentzako ekintzak haurrek diseinatuak izan dira, haiek pentsatuak eta haiek erabakiak. Ziur gaude asko dutela guri irakasteko eta ildo horretan jarraitzeko asmo irmoa dugu”.
Bestetik, Aste Nagusirako lehiaketa gastronomikoan eskaintza berri bat aurkeztu dugu: astelehen nagusira zabalduko da Gastronomia-lehiaketa, egun bat irabaziko du eta “ortuko produktuekin soilik” egindako platera izango da Gastronomikoari hasiera emango diona. Aurkezpenean azaldu dugunez, “pertsona beganoen urtetako eskaria integratuko dugu Bilboko Konpartsen programazio gastronomikoaren eskaintzan. Patatak saltsa berdean, aspaldiko garaitik gaurdaino gure etxeetako suteetan mantendu den plater tradizional eta erakargarria”. Horregatik, lapikoak ganbaretatik ateratzen hasteko gonbitea egin diegu Bilboko Konpartsakideek Bilbotar guztiei.
Bukatzeko, konpartsakide-egunean ez ezik, urte osoan zehar eta jai-esparru guztietan oro har emakumeok jaiak libre bizi behar ditugula gogorarazi dugu, ”jai herrikoiak benetakoak izateko, ez dugu erasotzailerik onartuko! Ez Bilbon ezta inongo jaietan ere!”