Gaur goizean hogeita hamar bat emakumezko konpartsakide elkartu dira Bilboko Areatzan hedabideen aurrean agerraldia egiteko, astebete baino gutxiagoan txosnagunea izango den lekuan bertan. Han “Aste Nagusiko bederatzi egunetariko bakoitza aparteko kapitulua dela” esan dute, “gure ohiko lan-dinamika aldatzeaz gain gure egunerokotasuna eraldatzeko aukera ere eskaintzen diguna. Antolatua edo bat-batekoa, sortzen den dibertsioan murgiltzen gara. Plazak, kaleak, egunak eta gauak geureganatzen ditugu eta, horrela, pausoz-pauso, egunez-egun, herriak sortutako lan borobil hau osotzen dugu: Aste Nagusia.”
Hitza hartu dute haien lekua aldarrikatzeko: “Gu gara ipuin honen protagonistak. Bilboko Konpartsok lanean aritzen gara urte osoan zehar pertsona guztiok elkarrekin, alaitasun eta errespetuz, erasorik gabeko festak goza ditzagun, bakoitzaren sexu, genero, sexu-identitate edota jatorria edozein dela ere.”
Haien esanetan indarkeria sexista gizon eta emakumeen arteko parekotasun ezaren adierazgarria da eta, beraz, emakumeon autonomia, segurtasun eta mugikortasunerako oztopoa. Gure gizarteko lehen mailako arazoa den heinean, berau ondo aztertu eta ulertzea ezinbestekoa da errotik kendu ahal izateko.
Bide horretan, gutariko bakoitzak duen berebiziko papera azpimarratu nahi izan dute eta Aste Nagusi parekide eta feminista baten alde egiten ez duten jarrera eta jokabide oro identifikatu eta salatzearen garrantzia gogorarazi dute.
“Apur dezagun ezarritako gidoia - gehitu dute - horren arabera baboseatu edo erasotzen gaituztenean emakumeok gara errudun. Ezgaitu egin gaituzte, ezin baitugu erabaki zer eta norekin nahi dugun. Ezin dugu geure gorputz edo desioen gainean erabaki. Geure aukerak mugatu dituzte.”
Erasoak, erasotzaileak eta konplize matxistak jomugan jar daitezen eskatu dute eta Aste Nagusiaren gidoitik kanpo dauden egoerak behin betiko alde batera gera daitezen.
Horrela, konpartsakideek gidoi horren apurketa eszenaratu dute. Banan banan, zenbait hitz agertzen zuten paperak apurtu eta horiek kontrako alternatibak eskaintzen joan dira: “Jazarpen, koakzio eta intimidazioaren aurrean, EZ LOTSATU! LOTSARAZ ITZAZU HAIEK!”, “Gehiegikeria, kosifikazio eta inposizioaren aurrean, AUTODEFENTSA!”, “Jarrera matxista eta eraso baten edozein susmoren aurrean, EMAKUMEOK ELKARZAINTZA!”
“Zoritxarrez”, jarraitu dute, “bizi garen gizarte honek emakumeak erasoak ekiditeko neurriak hartzera behartzen gaitu, baina ez ditu gizonezkoak erasorik ez egitera behartzen. Horregatik, ezinbestekoa da zuek, gizonek, konplizidade eta pasibitatearekin apurtzea. Atera zaitezte zuentzako ere idatzi duten gidoitik; zuek ere eman erantzun irmoa jarrera matxista edo edozein motatako eraso sexistaren aurrean, izan ezezagun edo lagunen batek egina”. “Emakumeok inposatu diguten gidoia irauliko dugu” esan dute irmoki, jarrain galdetzeko: “… zuek…zein paper hartuko duzue?”.
Denontzako Aste Nagusia nahi dutela aldarrikatu dute, inongo eraso sexistarik gabekoa eta, horretarako, aurrerapausuak eman behar direla esan dute. “Ezinbestekoa da denon arteko lankidetza erasoei aurre egiteko, baita horien aurrean ozen erantzuteko. Erasotzaileei errefusak tinkoa eta jendetsua behar du izan”.
Horrela, edozein eraso gertatzekotan Bilboko Konpartsek babesa eta informazioa eskainiko dutela azaldu dute. Bestetik, herritarren arreta eskatu dute, erasoen aurkako protokoloa aktibatzen bada adi egon eta mobilizazioekin bat egin ahal izateko. “Nazkatuta gaudelako, ez ixildu, ez onartu, egin zarata eta ERANTZUN!”
Sexismo, LGTBifobia eta arrazakeriarik gabeko jai herrikoien alde: "ez erasotu, ez izan konplize!”.
Gozatu jaiak inorenak izorratu gabe!
Gora Aste Nagusia! Gora Mari Jaia!