Denentzako jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun, parekide eta askotarikoen eredua indartzeko bidean, balioetan sakontzeko apustua berretsi du Bilboko Konpartsak federazioak, joan den asteburuan egindako urteko hausnarketa-batzarrean. Hala, konpartsek konpromisoa hartu dute keinu-hizkuntza ikasteko trebakuntza bideratzeko, entzumen-dibertsitate funtzionala duten pertsonek Aste Nagusia gusturago eta errazago goza ahal izan dezaten.
Bilboko Konpartsak hasi dira dagoeneko Aste Nagusiaren 40. urtemuga prestatzen, orain arte izandako festarik zabalena izan dadin, maila kuantitatiboan zein kualitatiboan. Horregatik, jai-eredu parte-hartzailean sakonduko dute, aurten entzumen-dibertsitate funtzionala duen kolektiboari arreta berezia eskainita, besteak beste.
Horrekin batera, San Tomas eta Aratusteak antolatzeko lehenengo lanak abiarazi dituzte Bilboko Konpartsak federazioa osatzen duten 29 konpartsetako hirurogei kidek baino gehiagok, urte osoan dituzten kanpo- eta barne-lankidetzen eta aliantzen hausnarketa egiteaz gainera.
Urtero biltzen dira Bilboko Konpartsak osatzen dituzten konpartsetako ordezkariak bi egunez, jai-egutegiko azken urratsa den Aste Nagusiaren ondoren, azaro aldera. Aurretik, konpartsa eta lantalde bakoitzak bere balorazioa egin eta jaiurte berrirako proposamenak lantzen ditu. Bilkura handi horretan, hainbat hobekuntza-proposamen eztabaidatzen dira, urteko lan-lerroak eta plangintzak adosteko. Aurten ere, parte hartu dute Bilboko Konpartsak federazioa dinamizatzen duten sei lan-batzordeek, 29 konpartsek eta denen ordezkari den jai-batzordeak.
Hirurogei konpartsakide inguru elkartu dira aurten, batez beste %50 emakumezkoak eta beste %50 gizonezkoak, eta, nagusiki, indarrean dagoen ikasturteari begira, honako hauek izan dira adostu dituzten lan-lerro nagusiak: entzumen-dibertsitate funtzionala duen kolektiboari arreta egiteko formakuntza zabaltzea konpartsakideen artean; erasorik gabeko jai-ereduaren bidean, gaia urte osoan zehar lantzen jarraitzeko planteamendua indartzea; parte-hartzea sustatzeko ahaleginean Bilboko Konpartsek urte osoan zehar egiten duten lana gizarteratzeko plangintzak adostea; eta kontsumo arduratsuaren aldeko lan-lerroetan sakontzeko urratsak egiten jarraitzea.