Adiskidetasun giro politean eta jan-edanaren epelean banatu dute gaur Bilboko Konpartsek San Tomas egunean zozkatutako otzara ederra eta 2020rako egutegien salmentan lortutako dirua.
Esan bezala, irabazle suertatutako 3242 zenbakia ez da agertu eta, hilabeteko epea amaituta, 2736 ordezkoari esleitu zaio saria, Ibai Gartziari hain zuzen ere. Laborek eta Basatxerrik ekoiztutako ortuari eta txerriki gozoek osatzen dute saria osatzen duten bertoko produktuen sorta ederra.
Era berean, gaurko ekitaldian, egutegien salmentarekin jasotako 957 euroko txekea entregatu zaio Kidekoop elkarteari.
Konpartsek aukera honekin berretsi zuten San Tomas egunean “gure herriak txerriaren inguruan duen ohitura berreskuratu eta tokiko ekoizpena zein elikadura-eredu berri baten aldeko apustua”. Izan ere, Kidekoopen helburua da Bilbo Zaharrean eta inguruko auzoetan elikadura-burujabetza bultzatzea. Horretarako, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean bidezko harremanak eraiki eta beste eredu sozio-ekonomiko baten aldeko apustua egin dute. Bazkideei banatzen dizkien produktuetan, honakoak lehenesten ditu ekimenak: modu ekologikoan ekoitzitakoak, hurbilekoak, etikoak eta bidezko merkataritzakoak. Hala, jaten edo erabiltzen dituzten produktuetan gardentasuna bermatzen dute. Elkartean, parte hartzea ardatz garrantzitsua da, erabakiak modu horizontalean hartzen baitituzte. Bazkideen lan boluntarioa sustatuz, auzokideen harreman-sarea indartzen dabiltza.