Ane Lindane sortzaile bilbotarra da. Umorea dauka ikur nagusitzat eta hala erakusten du bakarrizketetan. Irrati-esatari legez eskarmentu handia dauka, baina horrek ez dio trabarik eragin aktore izateko, argazkilari jarduteko eta film laburrak zuzentzeko. Festazale aitortua da.
FAROLIN esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da – ez du zertan Bilbon jaiotakoa izan behar-, Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen duen pertsonaia da, eta “Semper Plus Ultrak” (Beti haratago) laburbildu dezake bere ustea.
Dagokion kolorea zuria da.
Joselu Angulo txistulari eta gaiteroa da, Gaztedi dantza taldean. Gainera, Mairuek Gaztediko Erraldoiak eta Bilboko Gaiteroak taldeetako kidea da. Argiketaria eta sindikalista ere bada.
ZARANBOLAS, aldiz, gibel-handi bat da, Bilboko hiritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, Carpe Diemek laburbiltzen du bere bizi-lema.
Dagokion kolorea gorria da.
EPAIKETA
Nola sortu zen ?
1984an Jai Batzorde Mistoko hiru kidek, Fernando Tojak, Marino Monterok eta Josepe Zuazok, “Farolín eta Zaranbolas” pertsonaiak asmatu zituzten Bilboko Aratusteetarako.
Orduan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.Gure hiribilduan gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agerian uzteko.
Gaur egun, Farolin eta Zaranbolasen aurkako herri auzia haien atxiloketarekin hasten da, udaletxean. Bilboko uriko mazukariak dira ziegetara gure protagonistak lagunduko dituztenak .
Behin ziegatan sartuta, Fraisku, Momo, Hartza, Moja, Turko eta Higien kalejira batek bideratuko ditu Plaza Berrira arte, bilbotarron irainak medio, ibilbidean zehar.
Plaza Berrian daudela, epaiketari hasiera emango zaio, konpartsakideak izanik abokatu, fiskal eta lekukoen antzezlanetan ibiliko direnak.
Haien defentsarako azalpenak emanda, auzi-aretoko ahots gorenak epaiaren berri emango du eta Farolin eta Zaranbolas ziegetara itzuliko dira haien “aratuste-zigorraren” zain.
Plaza Barrian bertan ere, urkatokira igoko zaie, herri auziari amaiera emango dion burla, trufa, eskarnioa egingo da. Hor bukatuko da epaiketa, aurtengoz behintzat.