Zapatu honetatik, otsailaren 15etik 25era bitartean, Bilboko Aratusteak ospatuko dira. “Jende askok ez dakien arren, uste baino gertuago dago Tannhaüserreko atea, Bilbon bertan alegia. Izan ere, berton, Aratusteetan, ikusiko ditugun gauzak gizakiek ez dituzte sinetsiko; tartean F eta Z izpiak ikusiko ditugu diz-diz iluntasunean, eta baita alaitasun-ontziak jo ta ke Botxoko lepotik gertu ere”. Gaurkoan soilik utopia horren apunte txiki bat ekarri dizuegu, Erriberako Merkatuan egin den aurkezpenera, eta argi utzi nahi izan dugu bilbotarrek idatziko duzuela “etorkizun osoa, eguzkipean edo euripean, baina malkorik gabe”.
“Fluxu-kondentsadorea eta DeLorean autoa jarriko ditugu prest, tximista sortzearen zain, bidaia hasteko prest!”. Beste guztia Herritarroi dagokizuela adierazten dugu; izan ere denak zeure etorkizunaren protagonista.
Larunbat honetan hasita
Bederatzi egun iraungo den denbora-bidaia honen lehen zatia musikala izango dela azaldu dugu, izan ere, Kopla Txikien VI. lehiaketa zapatu honetan izango da Kafe Antzokian, otsailaren 15ean, arratsaldeko 20:00etan. Kantuz, umorez, satiraz eta mozorroz beteriko ekitaldia, guztiontzako irekia eta doakoa, eta, amaiera gisa, Los Zopilotes Txirriaos-en doako kontzertua izango da bilbotarron gozagarri.
Eguen Gizenean, otsailaren 20an iluntzean, F eta Z izpiak piztearekin bat, Orkresta Elektrotxarangak Zazpi Kaleak girotuko ditu eta, ondoren, Sutan taldearen kontzertuekin jarraituko du jaiak Plaza Barrian.
Ostiral mehea, antzinako Bilboko mozorro tradizionalak janzteko eguna da, eta Farolin eta Zaranbolasi epaiketa egingo zaie. Abokatu, epaile eta akusatuek aurre egin beharko diote musikal honi; hain zuzen ere, konpartsetako aktore amateurrak daude jo eta su libretoaren entseguak egiten, guztion gozamenerako. 19:30ean gertatuko da, Plaza Barrian. Etxean egun horretarako atrezzo propioa prestatzera animatzen dugu jendea, nork bere pertsonaia gustukoena hautatuta: fraisku, hartz, higi, momo, monja nahiz turko jantziak prestatuta.
Bigarren larunbata
Aratuste Zapatua da utopia honen bihotza eta egun nagusia. “Egun osoz, kalera ateratzeko, bilbotarrok, kuadrillok, konpartsok sortuko ditugun trama, istorio eta eboluzio izugarrietan murgiltzeko aukera paregabea. Aratustea definizio handian, hiru dimentsiotan eta rol protagonista izanda bizitzeko aukera”. Aratusteak Bilbo erdia hartuko du bete-betean; eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 19:30era; festa besterik ez! Kale Nagusia sukalde erraldoi bilakatuko da eta eguna jai gunean ematen duten astronauta nekaezinentzako herri bazkaria prestatuko da Albiako karpan.
Hamaika ekitaldiz beteriko programa osatu da inguru horretan egongo diren hainbat gunetan: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorro kalejira-lehiaketa… Iaz bella, Bilboko hainbat dantza taldek Euskal Herriko aratusteetako dantzak eskainiko dizkigute, gunea hartuko duen kalejira-emanaldian. Bakoitzak herri esanguratsu bateko inauteri tradizionalak aukeratu eta Bilbora ekarriko dituzte beren dantza, musika eta pertsonaiak.
Eta Plaza Biribilean izango da jai gunearen itxiera ikusgarria: 1985ean Bilboko Aratusteetako kopla txikien lehen lehiaketa irabazi zuen kopla kantatuko da, atzera kontua egin eta… efektu berezietan bereziena, botila erraldoiari kortxoa kentzea!
Kaleak, gauak eta jaiak gureak dira!
Bestalde, agerraldian argi utzi dugu ez dugula onartuko emakumeon aurkako erasorik mozorro artean ezkutatzerik: “Aratusteetan ere festa aske bizi nahi dugulako, ez dugu emakumeon aurkako erasoa mozorro artean ezkutatzen duenik onartuko, ez dute lekurik gure utopia honetan! Kaleak, gauak eta jaiak geureak dira!”
Bilboko Konpartsekin eta Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragile guztien lana goraipatu eta eskertzen dugu. Adierazi dugunez, “ etorkizun honen sortzaile-zerrenda ez da laburra: gurekin ditugu hainbat eta hainbat lagun. Oso argi dugu; Bilbotar guztion artean eraiki behar dugu, eta pozik esan dezakegu gure utopiara gehitu direla jada Bilbo erdialdeko eta Alde Zaharreko eragile asko eta asko: tabernari, dendari, auzo-elkarte… Eta nahaste zoro eta koloretsu horretan, eboluzioaren protagonista garrantzitsuenak zaretenok gonbidatu nahi zaituztegu gaur: kaleko jendea, gazte edo zahar, bilbotar peto edo bisitari, izan bidaiari edo errefuxiatu, danak zarete ongietorriak, guztion artean Bilboko Aratuste Handiak eraikitzeko”.
Beste jarduera batzuk
Nabarmendu ditugun ekintzez gain, aski ezagunak eta ospetsuak diren igandeetako txapelketa gastronomikoak aurkeztu ditugu: pontxe eta torrada txapelketa, otsailaren 16an, eta neguko giroan sabelak epeltzeko, sasoi betean dauden bertoko indaben txapelketa, otsailaren 23an. Bariku mehean eskola-umeen desfilea izango da eta, astelehenean, familientzako kontzertua Plaza Barrian, Xaiborren eta Bilboko Udal Musika Bandaren eskutik. Eta martitzenean, “negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogu agurra”,
Izarretako bitakora, hau da, egitarau osoa jasoko duten liburuxkak eskuragarri izango dira taberna, udaltoki eta abarretan.