Bilboko erdigunea umorez eta aldarrikapenez jantzi du mozorro-lehiaketak

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2020ko ots. 24a, 13:14

Etorkizunean girotutako Bilboko Aratuste hauetan, utopia eta distopietan gertatzen den bezala, denetariko pertsonaiek bete dute erdigunea. Bilbotarrek eguzkipera atera dituzte haien mozorroak, berriak zein zaharrak, asko landutakoak zein azken unean prestatutakoak, umorea, fantasia eta hainbat aldarrikapen zabalduta. 

Mezu ekologista ekarri dute talde askok eta askok, izan Bolintxuren defentsarako deia egiteko edo aldaketa klimatikoaz alarma jotzeko. Modu berean, Zaldibar argitzeko eskatu du lehiakide andanak.

Mozorro-lehiaketako 4.000 bat parte-hartzaileek haien gidoiak prest ekarri dituzte eta bakoitzak bere eszena antzeztu du ibilbidean zehar eta Astarloan kokatutako epaimahaiaren aurrean. Aurten, Jai Batzorde Mistoko kideez gain, Bilboko idiosinkrazian aditua den Lutxo Egia idazleak osatu du epaimahaia, Farolin (Ane Lindane) eta Zaranbolasekin batera (Joselu Angulo). Eztabaida handiaren ostean, azkenik, Aratuste-akademiak saritutakoak honakoak izan dira:

TALDEAK

– Lehen saria: Golden Txikis: emakumezkoen kirola aldarrikatzen.

– Bigarren saria: SOS Lurra

– Hirugarren saria: Kawsana Kushi Taldea (ASDIUC asoziazioa)

KONPARTSAK

– Lehen saria: Kaixo!: Mary Poppins, azukrea eta sua!

– Bigarren saria: Txori Barrote

– Hirugarren saria: Pa… Ya!

BANAKAKOAK

– Lehen saria: Andrea Barrenechea: Fantasía guerrera.

– Bigarren saria: Hades

– Hirugarren saria: Miren

Aratuste-zapatua dagoeneko iragana bada ere, Aratusteak amaitzeko oraindik denbora-jauzi batzuk gelditzen zaizkigu. Bihar, domekan, indaba-lehiaketa, Gargantua, buruhandi eta erraldoiak eta euskal dantzen txanda izango da, Plaza Barrian eta Arriagan. Astelehenean, umeen eta sendien eguna izango da, Dj Xaibor eta Udal Musika Bandaren kontzertuaz eta tailerrez gozatzeko aukera izango dutena, Plaza Barriko karpan.
Eta, zoritxarrez, martitzenean, sardinaren hiletan agur esango diegu 2020ko Aratusteei, negar eta su artean. Gure sardina maiteari egingo diogu agurra, Arriaga Antzokiaren aurrean. Baina datorren urtera arte bakarrik… eta hori, berriro ere, etorkizuna izango da…