Ekimen berri bat abiatuko du gaur Bilboko Konpartsen federazioak, konfinamendua arintzeko. Aste Nagusiari buruzko galdera-sorta prestatu dute konpartsakideek, tribial formatuan. Hala, “Tribial Herrikoia. Bilboko Konpartsak” jolasaren lehen edizio honetan egunero egingo dute galdera bat, Bilboko festa handiaren omenez. Galderak sei ataletan banatuko dira: historia, geografia, denbora-pasa, zientzia eta natura, kirola eta aisialdia, eta arte eta literatura.
Itaunak Instagram, Twitter eta Facebook sare sozialetan egingo dituzte Bilboko Konpartsek, egunero, 20:30ean, maiatzaren 4a eta 31 bitartean.
Jolas jorren helburuak dira antzinako eta gaur egungo Aste Nagusia gogora ekartzea eta hobeto ezagutzea, ondo pasatzea eta galdera denak ondo erantzuteko erronka, festa-giroak eragiten dituen ilusioa eta alaitasuna piztu eta mantentzearekin batera. Izan ere, konpartsek nabarmendu dutenez “krisi larri eta gordin honen barnean, denetariko egoerak daude etxeetan eta honakoa bezalako ekimenek une batez ilusioa berreskuratzeko balio badute, soilik horregatik ere merezi dute egitea”.
Aurretik, konpartsek Aste Nagusi zalantzagarriaren hasiera-datarako lau hilabete falta zirela gogoratu zuten joan den apirilaren 23an. Orduan, Bilboko sukaldeek, balkoiek eta egongelek hartu zituzten Aste Nagusiari eta Marijaiari egindako milaka kliska txiki, eta ez zen falta Aste Nagusiko pertsonaiaz mozorrotu eta dantzan balkoira atera zena. Sare sozialetan ere, nabarmena izan zen ekimenaren jarraipena, bertan, unean-unean egindakoez gainera, Aste Nagusian bizi izandako une magikoak zabaldu zituzten ehunka pertsonek. Argi geratu zen, beraz, bilbotarrak prest daudela posible izango den momentuan bertan kaleak jai giroz eta kolorez betetzeko.
Azkenik, konpartsek berretsi egin dute euren maitasuna eta esker ona helarazi diete osasun-langileei, zahar-etxeetako langileei, elkartasun- eta zaintza-taldeetako kideei, suhiltzaileei, banatzaileei, dendariei, postariei eta ezinbesteko lana egiten dutenei, baita langabezian geratu diren guztiei ere.