Txosnaginkane orientazio-ibilbidea Bilboko Konpartsek garatuko dute, Atxurigorri, Bolintxu Bizirik, Kalderapeko taberna eta Iralako eta Bilbo Zaharreko jai batzordeekin elkarlanean. Inskripzioa Bilboko Konpartsen webgunean bete daiteke: bilbokokonpartsak.eus.
Jarduera ez lehiakorra izango da, osasun-irizpideak eta elkarren zaintza oinarri hartuta. Bilboko Konpartsek azaldu dutenez, ekintzaren helburua “Bilbo inguruko mendi eta natura espazioak ezagutzea eta disfrutatzea da, modu libre eta arduratsu batean”. Horregatik, parte-hartzaile guztiei dei egin diete jarraibideei kasu egiteko, “denon osasuna bermatzeko eta ingurumena errespetatzeko”
Txosnagane mendiaren inguruko ginkanak ibilbide bi izango ditu norberak hautatzeko eta horien barruan hiru zirkuitu izango dira, zozketan egokituko direnak. Edozein kasuan, topatzeko hamaika objektu izango dira. Biderik luzeenak izango ditu 19,17 kilometro eta 967 metroko desnibel positiboa; eta laburrenak, 13,60 kilometro eta 582 metroko desnibel positiboa.
Norberaren ibilbidea eta lagungarriak ezagutzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena epearen barruan ematea. Izan ere, ekainaren 25ean ginkana egiteko informazio dena bidaliko zaie inskribatutakoei, tartean parte hartzaile bakoitzari egokituko zaion ibilbide zehaztua eta aurkitu beharreko elementuen zerrenda. Bakoitzak erabakiko du ekainaren 26tik 28ra zein egunean eta orduan igoko den mendira, dagozkion objektuen bila joateko. Aurkituko duen elementu bakoitzarekin selfie bat atera behar izango du eta amaitu ondoren, Bilboko Konpartsei bidali, ekainaren 30a baino lehen. Konpartsek irabazleen berri emango dute uztailaren 1ean. Ginkanak sari bi izango ditu, biak zozketaz: Kalderapeko tabernan afaltzeko edo bazkaltzeko txartela, objektu denak topatuko dituztenen artean; eta gerora jakinaraziko den sari herrikoia, parte hartzaile denen artean.
Osasun-neurriak
Antolatzaileek ahalegin handia egin dute jende-batuketak ekiditzeko neurriak hartzen. Hala, ekimena hiru egun eta dozenaka orduan banatu dute, parte-hartzaile bakoitzak gurago duen unean egiteko, gainera. Hiru zirkuitu ezberdin prestatu dira, eta hasiera eta bukaera puntuak ezberdinak izango dituzte, inolako puntu estatikorik gabe.