Konpartsek agerraldia abiatu dute asteartean zendutako Josu Torreren aipamen batekin. “Konpartsakide, pregoilari eta jai-zalea izanik, hutsune handia utziko du Josuk Bilboko konpartsetan, euskal kazetaritzan utziko duen moduan”. Hain zuzen ere, asteartean bertan argitaratutako bere azken zutabean jai herrikoiak izan zituen hizpide Torrek. Aste Nagusiari dagokionez, aurten ez dela “pregoi sakon eta amultsurik entzungo txupina jaurti aurretik Arriagako balkoitik” iradoki zuen, baina harago eroan zuen begirada. Bere ustean, ez du ematen “eznormaltasun honek iraungitze datarik duenik eta jaiekin hasi garenez, zalantzan jarri beharko ote ditugu datorren urtekoak ere”. “Jaizale denon izenean, Gaixoa ni!”, zioen Torrek, DEIAn argitaratutako bere azken zutabean.
“Gaixoak denok, jai herrikoiak maite eta bizi ditugunok!”, esan dute konpartsek. Izan ere, “aurtengo jaien basamortuaz aparte, ‘normaltasun berriak’ ekarriko digunak” kezkatzen ditu konpartsak, “ez delako oso urrun ibiliko orain arteko normalitatetik,”. Federazioak salatu duenez, joan den martxotik hona, “urak bere bidea egin du: Bilboko Konpartsek eta auzoetako jai batzordeek behin eta berriro frogatu dute elkar zaintzatik, prebentzio-printzipiotik eta osasun neurrietatik abiatuta, bilbotarren esanetara gaudela. Ehunka herritarrek parte hartu dute elkartasun sareetan, eta jarrera horrekin jarraituko dugu, jendea lehentasunezko tokian jartzen”. Pandemiaren aurrean erantzukizun soziala eta zuhurtzia aldarrikatzen duten indar berarekin, Iñigo Urkulluk Pedro Sanchezi esan bezala, “elkarlana, eta ez inposizioa”, oinarrizko baliotzat dutela berretsi dute konpartsek. Hala, Bilboko Konpartsek eta auzoetako jai batzordeek “ziurgabetasun egoeran ere arduraz segitu dugu lanean herri mugimendu gisa, gure onena emateko, 1983ko uholdeetan egin bezala: auzolanean, elkarlanez eta musutruk”, adierazi dute konpartsek.
1983ko elkarlana ala 1980ko inposizioa
Konpartsek azaldu dutenez, “Udalak, bere aldetik, 1980an Castañaresek egin bezala, inposizioaren bidea hautatu du, orain arteko elkarlana irudikatzen zuten guneak deuseztatuz, Bilboko Jai Batzorde Mistoarekin egin duen legez. Erakunde horren bilera bakarra egin da, izurritea piztu zenetik, hainbat astez Bilboko Konpartsek eskatu eta eskatu ondoren. Halere, bertan inolako erabakirik hartu utzi barik, alkateak debekatu zuen Aste Nagusia, batzordearen lana eta iritziak kontuan hartu barik. Ondoren, jaien ordez kultur ekitaldi solte batzuk egitea deliberatu zuen Udalak, berriro ere Batzorde Mistoaren iritzia eta are gutxiago onarpena eskatu barik. Azkenik, Batzorde Mistoak eskatutako Udal Jai Arloaren eta Bilboko Konpartsen arteko elkarlana hustu du Udalak, eta Kultura Arlora pasatu du ardura eta aurrekontu dena, Jai Batzorde Mistoari inolako azalpenik eman gabe”.
Udalak botatako zubiak berreraiki nahian konpartsek “behin eta berriro, elkarlana, parte-hartzea eta jai osasuntsuen defentsa” egin dutela adierazi dute. “Mahai teknikoan ere argi geratu zitzaigun denbora galtzen geundela; halere, proposamen berria egin genion Udalari, bilerak eskatuta Jai eta Kultura zinegotziei, alkateari eta Bilbao Udaren arduradunei. Hainbat asteren ostean, bilera izango da Jai Arloarekin, baina horrela desiratzen badugu ere, zalantzak ditugu baliagarria izango den elkarlana sustatzeko. Guk gure aldarterik onena eroango dugu”, azaldu dute.
Auzoetako jaiei dagokienez, okerrago dabiltzala salatu dute Bilboko Konpartsek, “Izan ere, auzoetako jaien kasuan, elkarlan instituzional txikienik ere ez da ematen hasieratik. Aurten debekuz debeku ibili dira, Udaleko inor eurekin harremanetan ipini barik”, salatu dute konpartsek.
Datozen urteei begira “aurrekari kezkagarria” deritzote konpartsek Aste Nagusiaren jai eredua hain modu arinean zalantzan jartzeari. Azaldu dutenez, “bi egoera muturreko bizi izan genituen 1980 eta 1983an. 1980an, herritarren eta konpartsen parte hartzerik gabeko Semana Grande edo Bilboko Jaiak egiten saiatu zen orduko alkatea, herriak onartu ez zuena. 1983an, ordea, elkarlanean aritu ginen, naturak eta zoritxarrak, oraingoan bezala, ekarritako hondamendi baten aurrean. Non gauden, beraz, galdetu nahi genioke Bilboko udalari: 1983an ala 1980an?”, galdetu diote konpartsek Udalari.
“Poztasunen bat” emateko gogoz
Konpartsen iritziz “Jai herrikoien eredu parte-hartzailea sustatzeko unea da. Aukerarik badago, gu beti izango gara prest 1983an agertutako jarrera errepikatzeko, Bilbotar denon alde lan egiten baitugu, are gehiago gaur egungo egoeran”. Bilbok “poztasunen bat” behar duela uste dute konpartsek: ”triste beltz eta krudela izan den eta segitzen duen Covid19ko krisiaren eta jada bertan dabilen krisi orokorraren aurrean, enpleguari, merkataritzari, familiei, elkarteei, kulturari, jaiei eta abarri eragiten dabiltzana. Herri honek irribarrea, ilusioa, esperantza, eta festa-desira behar ditu, UCIak bete barik”.
Konpartsek badakite “ aurten ez dela Aste Nagusia izango”, ez baita posible izango jende multzo handiak batzea. “Baina horrek ez du esan gura kaletik jaia, festa, parte-hartzea eta alaitasuna ezabatu behar ditugunik, horiek denak behar ditugulako”, zehaztu dute konpartsetako eledunek. “Utziz gero, laster emango dugu urritik hona ehunka konpartsakide lantzen gabiltzan eta behin eta berriro osasun-irizpideei moldatu dugun egitarau horren guztiaren berri”, iragarri dute konpartsen federaziotik.