Jai herrikoiak aldarrikatuko dituzte konpartsek larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2020ko uzt. 16a, 13:45

Osasun-krisiak ez du ahalbidetuko aurten Konpartsakide Eguna normaltasunez burutzea. Aste Nagusirako motorren beroketari hasiera ematen dion konpartsen arteko ospakizuna izaten ohi da ekimen hau. Hala ere, Konpartsek jai herrikoiak aldarrikatzeko aukera ez dute galduko eta datorren larunbatean, uztailaren 18an, Bilboko Areatzan jai-eredu herrikoi horren aldarria egiteko elkartuko dira, beti ere osasun-neurriak mantenduz.

Eguerdian, prentsaurrekoa eskainiko dute eta arratsaldean kalejira-manifestazioa deitu dute. Konpartsak beldur dira aurreko krisietan bezala erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko ote dituzten jai herrikoiei murrizketak, trabak eta debekuak ipintzeko, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta arlo horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez. Horregatik, egoera salatu eta herri mugimenduaren alde agertuko dira, Euskal Herriko jai-eragileak elkarlanera deituta.

Elkarlanerako deia da, hain zuzen ere, Bilboko Udalari konpartsek larunbatean berriro egingo diotena, izan ere, pasa den osteguneko agerraldian adierazi zutenez, “elkarlana, eta ez inposizioa”, oinarrizko baliotzat dute konpartsek. Azken hilabeteotan Bilboko Udalak jai eragile herrikoienganako jarrera itxia eta inpositiboa erakutsi duen arren, konpartsek elkarlanerako prest jarraitzen dute; hala, Jai Batzorde Mistoari eustea ezinbestekoa ikusten dute nahiz eta osasun egoera honetan, 2020ko Aste Nagusia ezingo den ospatu. Pandemiak sortutako egoera lazgarri honetan, Bilbok behar dituen “jaia, festa, parte-hartzea eta alaitasuna” eman gura dute konpartsek, elkar zaintza, osasun-neurriak eta prebentzio-irizpideak aplikatuta.

Prentsaurreko batekin abiatuko da larunbat honetako egitaraua, 12:30ean, Areatzan. Aste Nagusia ospatu ohi den egunetarako egitasmoren baten berri aurreratzeko baliatuko dute Bilboko Konpartsek larunbateko agerraldia.

Arratsaldean, berriz, kalejira-manifestazioa izango da, 18:00etan Arriagatik abiatuta. Aste Nagusiko jai-eremua gogora ekarriko duen ibilbidea egingo du kalejirak: Arriaga-Plaza Biribila-Udaletxea-Areatza-Arriaga.

Konpartsakide Eguna urtero uztail erdialdean egin ohi da. Hitzordu horretan konpartsa guztiak Bilboko Areatzan biltzen ohi dira egun osoz, jai-giroan, jan-edanaren laguntzaz: haurrak, gazteak eta adinekoak, lapikoak berotuta, pintxo lehiaketaz, bazkariaz eta erromeriaz gozatzen. Aurten, jarduera horiek ez dira egingo. Konpartsakide Egunak ekartzen ohi du Aste Nagusiaren lehen abisua, jai-eredu herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzailearen ikurraren lehen abisua.