Gaur goizean kaleratutako ohar baten bidez eman dute horren berri. Hemen oharra:
"Urtero-urtero konpartsok ahalegina egin ohi dugu San Tomas egunean, bertoko ekoizpena zein elikadura-eredu burujabe baten aldeko apustua egiteko. Helburu horrekin, San Nikolas elizako ingurua dinamizatu dugu urteotan, umeentzako emanaldiak, bertsoak, txalaparta, erromeria, kantu-kalejira eta bertoko jana eta edana eskainita.
Aurten berriz, Covid-19 gaitzaren zabaltze handiak ez du bermatzen nekazaritzaren festa handian konpartsok egiten dugun programazioa eta ospakizuna burutu ahal izatea. Beraz, gaur egungo osasun-egoera dela eta, konpartsok erabaki dugu jarduerarik ez antolatzea abenduaren 21ean, prenbentzioa eta elkar-zaintza printzipioetatik abiatuta.
Konpartsok abuztuan iragarri genuen bezala, San Tomas eta Aratusteak ez ziren erronka errazak izango, Covid-19ak bertan segituko duelako, ezusteko zoriontsuren ezean. Orduan egin bezala, jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babestera deitu dugu. Osasun-krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikook ordain ez dezagun."