Kopla kantari datoz aratusteak

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2023ko urt. 11a, 12:04
Hontzak izan ziren iazko irabazleak

Bilboko Aratusteetako Kopla Txikien VIII. Lehiaketan izena eman daiteke dagoeneko

Hilabete barru, hots, otsailaren 11n, larunbatarekin, hasiko dira Bilboko Aratusteak, Kopla Txikien Lehiaketa berriaren zortzigarren edizioaren bitartez. Txapelketa errimatu hori Abandoko Kafe Antzokian egingo da, 20:00etatik aurrera. Bertan edozein taldek parte hartu ahal izango du, izan elkarte, kuadrilla, bertso-eskola, konpartsa, abesbatza edo bestelakoa, hiru baldintza betez gero: inskripzioa betetzea, bost kide edo gehiago izatea; eta partaide denak mozorrotuta jardutea.

Lehiaketako arauak

Izena emateko epemuga otsailaren 3a izango da. Inskripzio-orriarekin batera koplaren letra ere entregatu beharra dago. Bertsoak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke, beti ere kopla originalak eta argitaragabeak badira. Erabiliko den doinua herrikoia edo beren beregi sortutakoa izan daiteke.

Interesdunek topa dezakete bete beharreko izen-emate formularioa Bilboko Konpartsen bilbokokonpartsak.eus webgunean estekatuta. Argibide gehiagorako, jo daiteke Bilboko Konpartsen Federaziora (946791306) edo Bizkaiko Abesbatzen Elkartera (944 244 045).

Oinarriak hemen ikus daitezke.

Koplak, Bilboko ohitura zaharra

Bilboko Aratusteetako kopla txikiak 1515. urtean dokumentatuta daude lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna igorri baitzion, orduko kritiken eta sarkasmoen berri emanez. Izan ere, Kopla Txikien Lehiaketan barreiatzen ohi dira ironia, sarkasmo, kritika sozial eta politikoa eta, batez ere, umore dosi handiak; hala, Bilboko Aratusteen osagai nagusi horiek musika, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarrien sorta ederrekin nahasten ohi dituzte. Lehiaketa Bilboko Jai Batzorde Mistoak antolatzen du, Bizkaiko Abesbatzen Elkartearen laguntzaz.