PREST!

Bilboko Konpartsak espazio seguruen bila

Erabiltzailearen aurpegia BILBOKO KONPARTSAK 2025ko urr. 7a, 12:18

None
None
None
None
None
None
None

Aurtengo Bilboko Aste Nagusian ere erasoak egon arren, Bilboko Konpartsen erantzuna geroz eta irmoagoa da. Federazioak bide-orri bat dauka erasoei aurre egiteko, baina, urterik urte, diseinatzen jarraitzen du.

1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu bakarra munduan -abestiak esan bezala-, konpartsek Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, baina gaur egunera arte iraun du, 27 konpartsek elkarrekin bidea egiten jarraitzen duten bitartean: urte osoan gogotik lan egiten eta jaiak -besteak beste, Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat antolatzen. Aldi berean, barne egitura ere landu izan dute, eta, konpartsez gain, hainbat batzordek zein lantaldek osatzen dute federazioa.

Ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik, elkarbizitza tarteko, ospakizunera abiatzen dira. Jaia xede, konpartsek euren jatorri herrikoiari eusten diote, eta Bilboko zein Euskal Herriko jendartearen mugimenduarekin bat egiten dute. Finean, talde zein eragile herrikoiak dira konpartsak, eta, beste elkarte eta erakunde askok bezala, argi ikusi zuten mugimendu feministaren deiari erantzuna eman behar ziotela.

Beharra abiapuntu, Bilboko Konpartsen Erasoen Aurkako Lantaldearen jarduna 2008an hasi zen. Bilboko Konpartsek erabaki zuten eraso sexisten aurrean arreta eta erantzuna emateko protokolo bat landu eta martxan jarri behar zela. Ondoren, 2012an, LGTBifobikoak eta arrazistak gehitu ziren. Hasiera batean, lantaldea jarraitutasunik gabe eta data zehatzei begira antolatzen bazen ere, 2014-2015 ikasturtetik aurrera egonkorragoa eta jarraituagoa izaten hasi zen.

Ildo horretan, lantaldea, jatorrian, jai eremuari eta Bilboko Konpartsei zuzenean eragiten zien erasoak “kudeatzeko” sortu zen. Ez du helburu handinahirik izan nahi, eta zeri erantzun nahi dion argi dauka. Indarkeria sexisten, LGTBIFOBIfobikoen eta arrazisten zein xenofoboen aurrean, erreminta bat izan nahi du: kontzientziatzeko, prebenitzeko, baztertzeko eta erantzuteko zereginetan laguntzeko, eskura dituzten baliabide guztiekin.

Aste Nagusia urteko unerik erabakigarriena

Zoritxarrez, Aste Nagusian erasoak daude eta horiei aurre egin behar zaie. Egoera biolentoak, askotarikoak, izaten dituzte aurrez aurre; horregatik, horiei aurre egiteko, protokolo berezituak dituzte, elkarte asko eta askotariko eragileekin elkarlanean eta saretzean sortuak. Tresna horien helburua zera da: erasotua entzutea eta babestea.

 Horretarako, Bilboko Konpartsetako txosna bakoitza harrera-gune bilakatzen da. Erasorik jasan edo erasoren bat ikusiz gero, jai-guneko edozein txosnatara hurbiltzeko aukera dago, babesa eta laguntza jasotzeko. Bertako arduradunen harrera enpatikoa jasoko da, eta gune-seguru gisa baliatu ahal dira: epaitu gabe eta kontakizuna zalantzan jarri gabe. Eskatzen den laguntza emateko espazioak dira, eta, beharrezkoa izanez gero, beste eragileekin, instituzioekin edo zerbitzuekin harremanetan jartzeko (hala nola, gizarte zerbitzuak, SMUS larrialdietarako zerbitzua, Aldundiaren Ate Morea eta krisi zentroa…), betiere erasotuak hala nahi badu.

Gauzak horrela, hainbat erasoen berri izan zuten aurten, eta, lehenengo bi egunak lasaiak izan ziren arren, Aste Nagusiak aurrera egin ahala,  egoera larriagotu egin zen. Alde batetik, kopuruak gora egin zuen. Aurreikus zitekeen, aurreko urteen joerak hala adierazten zuelako, baina horrek ez dio pisua kentzen erantzuteko premiari eta ariketa kolektibo baten beharrari.

Bestetik, eraso batzuen “intentsitateak” gora egin zuen. Ez da erasoen larritasun mailan sakondu nahi (erasotuek, kasuz kasu eta euren bizipenek eta minek arabera, esateko asko dutelako), baina ezin uka, kasu gutxi batzuetan, gora egin zuela nabarmen erabilitako indarkeria mailak. Azpimarratu beharrekoa da, publiko egin zen heinean, lagun artean ospatzen ari zen pertsona batek eraso LGTBIQ+fobo oso larria jasan zuela. Erasoa ahozkoa zein fisikoa izan zen, kalean zegoen jende andanaren aurrean.

Horrez gain, sexu eraso erabat lazgarrien, eraso arrazisten, ukituen, (sexu-)jazarpenen, eta beste eraso bortitzen berri ere izan zuten. Oro har, eraso guztiak aztertuz gero, hiru egitate ondorioztatzen dira: gehienek kutsu sexuala dutela, emakumeek pairatzen dituztela eta gizonezkoek egiten dituztela. Ez dago erruduntasun-karga leporatzeko asmorik, baina gertatzen diren erasoek hausnarketa kolektiboa hauspotu behar dute.

Erasoen aurrean emandako erantzunak

Erasoren bat badago, gertatutakoaren berri dutenean, konpartsek berehalako erantzuna ematen dute. Horrez gain, egunero mahai informatiboak antolatzen dituzte aurreko egunean gertatutako erasoen inguruan hitz egiteko, eta erabakitzeko zein erantzun eman behar zaien, betiere, erasotuaren baimenarekin eta inguruko eragileekin batera.

Hori dela eta, hiru aldiz aktibatu behar izan ziren protokoloak Aste Nagusian zehar. Lehenengoa, asteartean, eraso arrazisten aurkako protokoloa izan zen, pertsona arrazializatu baten kontrako gehiegizko interbentzio polizialagatik eta, bestetik, poliziak lo egiten ari ziren manteroak plaza batetik bota zituztelako. Hurrengo bi aktibazioak ostegunean eta larunbatean izan ziren, biak eraso sexistak zirela eta.

Protokoloen aktibazioekin batera adierazpen publikoak egin ziren, baina, horiez gain, beste neurri batzuk ere hartu izan ziren: etenaldiak barretan, kazeroladak, elkarretaratzeak, giza kateak…

Erasoen Aurkako Lantaldetik egiten den balorazioa

Sentsazio gazi-gozoa dute Erasoen Aurkako Lantaldeko kideek. Lehenengo eta behin, goraipatu gura dute konpartsakideen lan eredugarria, euren jarrerengatik eta lan itzelagatik txosna gunea espazio segurua izateko. Miresgarria da elkarlanean, saretzen eta gorputzak aurrean jartzen egin den lana.

Halere, erasoak -bereziki, sexistak- gertatzen diren bitartean, ezin izango dira “aseturik” sentitu. Jakin badakite erantzukizuna kolektiboa dela, baina asko egiteke dago, jendarteari eta konpartsei. Era berean, eraso lantaldeak lan egiten jarraitu behar du: erasoei egokiago erantzuteko, elkarlanerako bideak hobetzeko, protokolo eraginkorragoak sortzeko, eraso mota gehiagori aurre egiteko…

Azken hitzak

Erasoak ez dira "ausaz gertatzen diren kontuak", ezta "gaizki-ulertuak" ere. Indarkeria horiek elkarrekin eraikitzen ari garena zauritzen, baztertzen eta hausten dute. Horregatik, ozen eta argi esaten dugu: jai eremuetan eta ezein tokitan, eraso sexistek, arrazistek edota LGTBI fobikoek ez dutela lekurik. 

Hala ete guztiz ere, Bilboko Konpartsen Federazioak ilusioaren sugarra pizturik mantentzen du: Aste Nagusia elkarrekin eraikitzen jarraitu nahi dugu, dantzan, elkartzen, jolasten, elkar ezagutzen, gozatzen, aske maitatzen eta ospatzen. Horregatik, jai askeak  eta seguruak lortu behar ditugu. Ospa ditzagun begirunez, alai eta bihurri!