Talde-lanaren bidez, Karmelo bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Lopez Arantzamendi 2015ko abe. 31a, 19:04

Martxan jarraitzen du Karmelo Bizirik proiektuak, eta horrekin batera ikastola zaharrari emandako ibilbidea aurrerantz doa. Azaroaren 14an eraikineko ateak jendeari zabaldu bazitzaizkion, ia hilabete beranduago berriz ere batu ziren auzotarrak berreskuraturiko plaza honetan. 

Abenduaren 12an hortaz gogoeta saioa izan zen Karmelo Bizirik ekimenaren inguruan bildu zirenentzako. Alde batetik, egindako bidea gauzatzeko burutu denaren nondik norakoak komentatu ziren. Bestetik, proiektuaren izaera kolektiboa praktikan jarri zen jendearen iritzi zein proposamenak bilduz. 

Azaroaren 14tik proiektua ez da geldirik egon. Astero gauzatzen dira asanbladak eta hainbat batzorde sortu dira iniziatibaren alde ezberdinak modu egokian gara daitezen. Hau da, Karmelo Bizirik den proiektuak forma hartuz jarraitu du. Egun bost dira batzordeak: komunikazioa, erreforma lan-taldea, programazioa, proiektua eta diruzaintza. 

Goizeko 11:00etan hasi ziren entzuten berriz ere patioa betetzen zihoazenen ahotsak. Hala ere, oraingo honetan proiektuaren bihotzera heldu ziren auzotarrak. Lehenik eta behin, eraikinaren barrutik bisita gidatua burutu zen. Horren bitartez, jendeari esku artean dutenaren inguruko nozio egokia eskaini nahi izan zitzaion. Hau da, erakinak zein espazio duen ikusita, proposamen egoki zein zehatzagoak lortzea izan zen xedea. Hutsunea nabaria da eraikinaren barnean, eta gela bakoitzean emandako klaseen aztarnak oraindik orain agerian daude. Baina goibela suerta zitekeen hutsunea potentzialez kutsatzen zuten kanpoan kokaturiko orri zuriek. Espazio bakoitzeko folio bat, eta horietan galdera bakarra: “Zer egingo zenuke hemen?”. 

Eraikina aurkeztu ostean, bertaratuen aurkezpena izan zen hurrengoa. Maiz izaten da momentu deserosoa norbera aurkeztea, eta zenbat eta helduagoa izan are gehiago. Baina, talde-lanean aritzeko bizilaguna ezagutzea aproposa izaten da. Gainera, batak bestearen izena barneratzea taldea eraikitzeko pausoa ere bada. Indibidualtasunetik kolektibora pausoa ematea nolabait. Bi galdera planteatu ziren oraingoan: “Nolako Karmelo nahi dugu?” eta “Zein izan beharko litzateke antolaketa eta funtzionamendua?”Lantalde txikien bitartez hasi zen proposamen saioa, eta pertsona bakoitzak berea eskaini ostean, aipatutakoak komunean nola jarri planteatu zuten multzo bakoitzean. Behin eztabaida eginda, lantalde bakoitzak berea proposatu zuen. 

Ibilbidea hasi besterik egin ez den arren, puntu batzuk argi geratu ziren. Auzotarrek autogestioari ematen diote garrantzia. Bilboren zein Euskal Herriaren inguruan jarrera aktiboa duen proiektua izan beharko litzatekeela pentsatu arren, auzoaren ikuspuntutik gauzatu beharko litzatekeela ere baieztatu da (proiektu isolatua izan gabe). Kultura, errespetua zein euskara sustatzen duen gunea izatea ere nabarmendu da, eta baita beste herriekiko modu solidarioan aritzea ere. 

Auzotarren proposamenak bilduta, talde zein kolektiboei eskaini zitzaien txanda. Proiektuaren inguruan zituzten espektatibak jaso nahi izan ziren, gogoeta ezberdinak biltzeko eta eraikinari zein inguruko espazioari emango lioketen planteamendua garatzeko zehazteko asmoarekin. Azkenik, kolektibo modura gauzatu dezaketenaren inguruko, zein bururatzen zitzaizkien bestelako ekarpenak eskaintzeko aukera ere luzatu nahi izan zitzaien. 

Hizlari bakoitzaren ahotsak ikastola zaharraren jantokia bete zuen. Batek berba egiten zuenean besteak adi eta isilik mantentzen ziren. Esandako guztia apuntatzen zihoan boligrafoa ere ez zen entzuten. Urtxintxa Eskolako kideei lekua aproposa iruditu zitzaien egiten duten lanerako. Eskolako kideengandik irten zen espazioa astialdi ekimenak egiteko zein ikastaroak bertan gauzatzeko aproposa izan zitekeela. Ilusioa nabaritu zitzaien Taupaka elkartekoei, ideia piloa izan arren, lehenik taldearen izaera asanblearioari jarraituz eztabaidatu behar zutela esanez. Eguzkizaleak konpartsak ere izan zuen ordezkapena asanbladan. Parte hartzeko gogoa adierazi zuten hauek, jai herrikoiak bultzatzen dituen konpartsa izanik jende-harremanetarako gune egokia iruditzen zitzaiela adieraziz. Etorkizunean ekarpena egitera ere konprometitu ziren. 

Kolektiboez gain, egon ziren ideia berarekin baturiko auzotarren ekarpenak ere. Esaterako, Karmelo Ikastola zaharrean Udalaren gestiotik at geratzen den skate park bat bultzatzeko ideia. Edo, asistentzia ekimen jakin batzuei alternatiba laikoa emateko proposamena ere. Antzinatik datozen plan batzuei jarraipena ematearen ideia ere plazaratu zen. Adibidez, Auzategia iniziatiban lantzen hasitako “elkarte arteko mintegiaren ideia” garatzen jarraitzea. 

Orokorrean, jendearen motibazioa zein lanerako prestutasuna nabarmendu ziren goizeko saioan. Horretaz gain, bilera handiago horien garrantzia ere aipatu zen (astero bertaratu ezin daitekeenentzat bereziki). Karmelo Birizik taldeko Irati Gutierrez aritu zen akta biltzen, eta horren inguruko gogoeta gauzatuta hurrengo ekintzarako proposamen jakin bat plazaratzeko konpromisoa hartu zuten iniziatibakoek. 

Goiza lan eta lan aritu ostean gogotsu hartu zuten bertaratuek bazkaria. Giro ona bazkalorduna ere mantendu, eta arratsaldeko kontzertuetara hedatu zen. Asanblada zein proposamen saioak garrantzitsuak direla ukaezina den arren, bazkari zein kontzertuek auzotarren talde izaera indartzen dute. Aipatu bezala, jendeak ondo pasatzen duen bitartean elkar ezagutzeko aukera ere baitauka. Karmelo Bizirik proiektuari dagokionez, argi dago ez dela norbanako ezberdinek aurrera aterako duten zerbait, auzoak eta auzotarrek modu kolektiboan arrakastara arte bultzatu dezaketen iniziatiba baizik.

 

@KRMLbizirik 

krml.bizirik@gmail.com