Berrogeita sei urtez Begoñako etxeko medikua izan zen Gregorio Urkaregi MADARIAGA. Gregorio etxeko mediku bikaina izan zen, eta horren jakitun izan ziren Begoñako hainbat auzotan: Atxeta, Arbolantza, Azkarai, Azurleko, Etxezuri, Haize-Errota, Otxarkoaga, San Isidro, San Roke, Rekako, Trauko, Lezamako bide zaharra, Zubisiku, etabar.
Gainera mediku moduan bakarrik ez, horrez gain kultur arloan eragile izateagatik ere nabarmendu zen. Kulturaren hainbat arlo landu zituen, besteak beste, hauek: a) Zaragozako Euzko ikasle Batza elkartearen sortzaileetako bat eta lehen lehendakaria izan zen 1932an; b) Begoñako kirol elkarteko presidentea izan zen bi urtez, 1950-1952 denboraldietan; c) Medikuntza Zientzien Akademiako kide izan zen, eta Giza Zientzien Atala bultzatu zuen; d) Hainbat artistaren laguna izan zen, bestak beste hauena: Manuel Losada, Xabier Kintana, Rafael Figuera, Jorge Oteiza, Agustín Ibarrola, José Antonio Ormaolea, José Barceló, Luis Sánchez...; e) Zinemagile amateurra izanik, super 8an grabatzen zuen, eta Elantxobe filmarekin Sociedad Bilbaina elkarteak banatzen zuen Zilarrezko Bobina saria irabazi zuen 1975ean; f) Pinturazalea eta pintura-bildumazale amorratua zen; g) filatelian aditua; h) Begoñako eta inguruetako txakolindegietan oso ohikoak ziren pitxarrekin bazuen bilduma bat 32 pitxar; i) Arran bilduma ederra ere batu zuen.
Baina beste "Gregorio Urkaregi" mahatsorri bat izan genuen lehenago: Gregorio Urkaregi OTXANDIANO (Otxandio, 1869 - Begoña, 1927), Gregorio Urkaregi Madariaga medikuaren aita izan zena. Aita hori Begoña elizateko hargin, obra-eraikitzaile eta kontratista izan zen. Begoñako eta Bilboko zenbait edifizio ezagun eraikitzeko arduraduna izan zen, Begoñako basilikako dorrea dago horien artean. Edifizio hauen eraikuntzan parte hartu zuen Urkaregik:
-
Txabarri Jauregia Bilboko Plaza Eliptikoan (1889-1894)
-
Bilboko Bankuaren bigarren hedapena, San Nikolas plazan, Bilboko Zazpi Kaleetan(1898).
-
Bilbo–Concordia geltokia (1898-1902).
-
Begoñako Basilikako fatxada eta dorrea (1902-1907).
Begoñako Errepublikaren azken udal-batzako kidea izan zen 1923ko urriaren 2tik anexioraino, 1925eko urtarrilaren 1.a arte, beste hamalau zinegotzirekin (Mariano Díaz, Víctor Ugarriza, Federiko Eskauriaza, Gregorio Urkaregi Otxandiano, Calixto Santamarina, Jose Antonio Gisasola, Jenaro Lumbreras, Ernesto Allende, Andrés Mota, Joaquín Gómez, Antonio Soloaga, Anastasio Gardiazabal, Adolfo Yturriozbeitia, Félix Juan Pereda eta Antonio de la Cuesta).