Iturmendi herriko Aramendia-Goikoetxeatarren artzain-familiak harreman berezi bat izan zuen Begoñako herriarekin 1950eko hamarkadan. Iturmendi herria Nafarroan dago Altsasutik hurbil, Sakanako bailaran, Urbasa mendiguneko iparraldeko magalean. Familia horretako aita, Ezekiel Aramendia Gorritxo, Aramendia herrixkakoa zen, Urbasa mendiguneko beste aldean dagoena, hego-magalean. Hortik zetorren Aramendia deitura. Familia horretako ama, Felipa Goikoetxea Lopez de Zubiria, Iturmendikoa zen.
Felipak zorrotz gobernatzen zuen lau seme-alaben zeregina: Maximok (1923-1993) lurrak lantzen zituen, Benitak (1925-2000) amari laguntzen zion etxeko lanetan, Amadok (1927-1974) etxetik kanpo lan egiten zuen, Orobe harrobian Gipuzkoako mugatik gertu, eta Saturrek (1930-2005) ardiak zaintzen zituen. Seme alabek errespetu handiarekin “de-usted” tratatzen zuten ama.
Aita Ezekiel Aramendiak hasieran ahuntz batzuk izan zituen Iturmendi inguruan, Santa Marina azpian, Labargan, eta neguan Iturmendiko etxean egoten ziren ahuntzak. Seme-alabak koxkortu zirenean ardiekin hasi ziren, eta apurka-apurka ardi kopurua handitu egin zen eta goian Urbasako lur komunaletan edukitzen zituzten, Eskizako arrasoan. Baina ardi asko ezin ziren geratu Iturmendin negu osoan.
Negua pasatzeko irtenbide baten bila ibilita, onena itsasaldera jaistea izango zela pentsatu zuten, itsasotik hurbil negua ez baita Iturmendin bezain hotza. Pentsatu eta egin, 1955ko negua Maximo, Amado eta Satur anaien artaldeak Begoñan pasa zuen, hura izan zen lehenengo aldia.
Urbasa-Begoñako artzainen urteko plangintza
Honela antolatzen zuten urtea artzainek:
- Maiatzaren hasieran, ardiak Urbasara igotzen ziren. Maiatzaren 8an ezin ziren egon Iturmendin. Eskizako larretan txabola bat egin zuten eta Satur egoten zen bertan artzain. Hasieran egurrez eta lata-orriz egin zuten txabola, baina geroago harria eta porlana erabili zuten. Saturrek oso harreman ona zuen Eskizan egoten zen Urdiaingo artzain batekin, ardoa konpartitzen zuten eta txandaka prestatzen zituzten jateko babarrunak; aste batean Saturrek egiten zituen babarrunak, eta hurrengoan Urdiaingo lagunak. Astero igotzen zen baten bat Iturmenditik Eskizara asto batekin Saturrentzako aste osorako janaria eramateko.
- Azaroaren hasieran, gaueko lehenengo izotzekin Urbasatik jaisten ziren Iturmendira. Hiru-lau astez herriaren inguruko arloetan geratzen ziren ardiak, udatik libre zeuden labore-arloetan bedartxoak hasita zeundenez horixe jaten zuten , hurrengo urterako laboreak landu baino lehenago (lurra irauli, haziak jarri…).
- Abendu-hasieran ardiak eramaten zituzten Iturmenditik Begoñaraino.
- Abendutik apirileraino Begoñako zelaietan Legina baserriko zelaietan egoten ziren ardiekin, Arabella azpian, baita Artxandako zelaietan, Enekurira joateko errepidearen ondoan.
- Apirilaren bukaeran Iturmendira itzultzen ziren, eta maiatzaren hasieran-edo berriro Urbasaraino.
Ibilbidea
Nondik joaten ziren Iturmenditik Begoñaraino?
Ez dakigu nondik joaten ziren baina gutxi-gora-behera Googlemaps-ek ematen dituen hauetako bide bat izan behar zen:
- Iturmendi-Alsasua-Agurain-Legutio-Arratia-Lemoa-Begoña (?)
- Eta nondik jaisten ziren Arabatik? Dimatik, Barazarretik? Orozkotik?
- Iturmendi-Alsasua-Zegama-Brinkola-Oñati-Arrasate-Elorrio-Durango-Begoña (?)
Aukera honek zailagoa dirudi, hainbatetan igo eta jaitsi egin behar baita.
Googlemaps: Iturmenditik Begoñara oinez
Maximo, Amado eta Satur anaiek gutxienez lau urtetan ekarri zuten artaldea Begoñara 1955tik 1958ra bitarte. Hasieran oinez egin zuten bide osoa, bukaeran kamioi alkilatu batean.
Aipagarria da zer gertatu zen behin fin baino finagoa zen txakur batekin. Begoñara joateko bide erdian-edo desagertu egin zen txakurra. Artzainek ez zekiten zer gertatu zitzaion, baina hilabeteak pasata Iturmendira itzuli zirenean jakin zuten txakurrak bere kabuz jakin izan zuela Iturmendira itzultzen, nonbait txakurra txarto sentitu zen eta bakarrik itzuli zen etxera etxean hiltzeko.
Satur baratzean, atzetik Iturmendi eta Urbasa.
Amado Begoñara ezkondu zen 1958an, bertan ezagutu zuen neska batekin. Korrala baserriko Loli Rebolledo Rekaldekin ezkondu zen, eta Korrala baserrian bizi ziren urte batzuetan, baserria 1970an bota zuten arte, Txurdinaga auzo berria urbanizatu zutenean.
Artalde handia beste bien artean bakarrik gobernatzea zailagoa zenez, anaiek ere 1958an utzi behar izan zioten Begoñara etortzeari, eta ondorioz artalde handia kendu behar izan zuten.
Satur eta Triniren eskontza (1963).
Atzean Amado eta Loli (Nekane), atzean ezkerraldean Maximo, erdian Benita,Behean eskuman Felipa.