Euskarazko ChatGPT moduko txatbotik? Lagundu sprintean

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Sarasola 2025ko mar. 21a, 08:44

Euskaraz eta euskal ikuspuntua jasoko duen ChatGPT modukoak garatzen ari dira IXA Taldea/HiTZ Zentroa eta Orai/Elhuyar. Azken urratsetan ari dira eta fase horretan erabiltzaileen laguntza behar dute prototipoak doitu eta ebaluatzeko.

Aste honetan bi gauza interesgarri ditugu txatbot-ak direla eta. Batetik azalpen ulergarria zabaldu du Igor Leturiak Elhuyar aldizkarian, eta bestetik HiTZ zentroan laguntza eskatzen digute sortzen ari diren LATXA txatbota ebaluatzeko, ea euskaraz hobeto erantzuten duen nazioarteko enpresa handien txatbotek baino (Claude, ChatGPT, Gemini, Copilot...).

Testua: CC-BY-SA
Argazkiak: Wikipedia  (CC-BY-SA) eta Elhuyar aldizkaria (CC-BY-SA 3.0)

Txatbot-ak direla aste honetan bi berri aipagarri izan dira.

  • Euskara hizkuntza-eredu handietan eta txatbotetan bidea eginez artikuluan ederto azaldu du Igor Leturiak zer egin behar den ChatGPT moduko txatbot bat sortzeko. Zer zailtasunak diren euskaraz ere ondo ibil daitezen. Eta hori lortzeko zer egiten ari diren batetik IXA Taldea/HiTZ Zentroa eta bestetik Orai/Elhuyar.
    Leturiak dio enpresa handien txatbotek alborapen kultural handia dutela, eta euskal gaien galderen % 20 inguru soilik asmatzen dutela. Hori hobetzen saiatu dira Oraikoek eta HiTzekoek, eta arrakastatsuak izan dira saioak, asmatze-tasa % 80 ingururaino igo baita. Baina oraindik badute zer hobetu.
  • Ebaluatoia 2.0 : HiTZ zentroak laguntza eskatu digu txatbot erabiltzaileoi euskarazko galderak egiteko eta LATXA txatbota ebaluatzeko. Jakin nahi dute ea euskaraz hobeto erantzuten duen nazioarteko enpresa handiek egin dituztenak baino (Claude, ChatGPT, Gemini, Copilot...). Igor Leturiak ondo azaldu du zein garrantzitsua den euskarazko galdera posible desberdin asko jasota edukitzea.
    Txatboten mundu honetan erabiltzaile moduan mugitzen bazara eta euskaraz badakizu... apirilaren 2ra arte parte har dezakezu hemen: https://ebaluatoia.hitz.eus