Etxebarria fabrika (1878-1984) eta Santiago Yániz-en argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Sarasola 2025ko urr. 22a, 18:34

Etxebarria fabrika garrantzitsua izan zen Begoñako bizitzan. Galdetu etxean ea ezagunen batek behar egin zuen fabrika horretan. 1965ean baziren 5.349 behargin ECHEVARRÍA SA enpresan, gehienak Uribarrikoak, Zurbarangoak, Kaltzadetakoak, Basarratekoak edo Kastrexanakoak.
ECHEVARRÍA SA artikulua sortu dugu Wikipedian.

Irailean Euskal Herriko lantegietako 7.188 argazki zoragarri igo dituzte Wikipediara (Wikimedia Commons-era). Argazki ederrak dira eta asko. Gehienak Santiago Yániz argazkilariak 1987an eginak dira. Ez bat eta ez bi 7.000 argazki zoragarri. Horietatik 86 dira Kastresanako Santa Agedako fabrikakoak. Zelako materiala! Ikusi, ikusi Santiago Yanizen argazkiak Commons-en.

Argazkiena ikusita Etxebarria fabrikari buruz idazteko aukera ona izango zela pentsatu nuen. Baina Begoñako fabrikako argazkirik ez zegoen bilduma horretan, argazkiak 1987koak dira, eta ordurako Begoñako Etxebarria fabrika ez zegoen, parkea zen orduan. Eskerrak Esteban Kadarso mahatsorria dokumentu-aztertzaile fina dela eta Etxebarria fabrikan urtetan lan egin zuela. Amaia Mujikarekin batera material oso ederra aurkeztu zuten 2018an Euskal Museoak antolatu zuen "Begoña - Etxebarria" erakusketan. Asko, asko daki Estebanek, lehengo astean berarekin ordubetez berbetan aritu eta 20 argazkirekin eta hamaika ideiarekin atera nintzen (argazkiak).

Gainera, Euskal Museoko Amaia Mujika Goñik fabrikari buruz artikulu sakon bat idatzi zuen Deia egunkarian orain dela urte gutxi "Paisaje de Begoña. La fábrica de Recalde – Historias vascas" (2018-12-22). Eduardo Alonso Oleak ere beste artikulu bat idatzi zuen. Hektor Ortegak ere aipatu zuen lehengo urtean Otxarkoagan eman zuen hitzaldian (langileen argazkia).

Dokumentazio guzti hori bilduta, eta egun batzuk pasata ECHEVARRÍA SA artikulu sortu dugu Euskal Wikipedian. Mesedez begiratu, irakurri... eta osatu edo zuzendu ezazu. Wikipediakoa denon artean egiten dugu eta!
Atal hauetan banatu dugu enpresaren historia:

  • Aurrekariak (1400-1878)
  • Sorrera Begoñako Errekalden (1878)
  • Kastrexanako Santa Ageda fabrikarekin integratzea (1902)
  • Kutsadura Begoñan eta Basauriko Altzairuaren Hirira (1960-1967)
  • Azken urteak eta itxiera (1967-1988)

Ez, XIX. mendean Begoña osoa ez zen baserria eta txakolina. 
Begiratu Santiago Yanizen argazkiak eta baietz animatu beste lantegi baten artikulua egiten Wikipedian  ;-)

Etxabarria Fabrikako langileak eta jabeak 1896an. Urte horretan hil zen Jose Etxebarria lantegiaren bultzatzaile nagusia eta seme nagusiak ziren Federicok eta Josek lantegiaren kargu hartu zuten berrikuntza handiei ekinez. Urte horretantxe hasi ziren iltzeak egiten Siemens enpresak egin zien altzairuzko labeari esker. Argazkiaren erdi-erdian Wilson norvergiar teknikaria dago Etxebarria anaiak eskumaldean daudela. Mazak, orrikak, ziriak eta bestelako lanabesak dituzte beharginek.[1]

 

Etxebarria Parkea eta bere tximinia.