Nik jarraitu nahi dut idazten URIOLA atarian

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Sarasola 2025eko abenduaren 16a

Urte berriarekin itxi egingo da URIOLA. Zelako mina!
Baina ixte hori izan daiteke erabateko ixtea, hau da dena desagertzea, edo ez-erabatekoa.
Nik Olentzerori eskatzen diot orain arte idatzitako albisteak ez desagertzea.
Eta Domingiri eskatzen diot albisteak idazten jarraitu ahal izatea.

Garrantzi handia du URIOLA atari lokalak. Garrantzia du horrelako gauzak idatzita uzteak, gure kasuan ere Begoñatik idatzita eta "mahatsorri"entzat. 

Bide horretan Berton aldizkaria tresna ikaragarria izan zen hogei urtez (1998-2018). Tamalez Bertonek sortu zuen dokumentazio guztia ez dago digitalizatuta, sarean ez dago eskura.  Zelako galera!        

Berton aldizkaria itxi egin zen 2018an, mahatsorri euskaldunon ahuleziaren erakusgarri. Orduan aipatu zen digitalki bizirik geratuko zela, URIOLA.EUS atarian idatzi ahal izango zela. Ados, ez da berdin aldizkari bat izatea edo blog moduko foro ireki bat izatea, baina gaitz erdi, bada zerbait.

Zazpi urte geroago, orain, URIOLA.EUS ataria desagertuko dela dirudi, Deustuko PREST aldizkaria ere bai. "Mahatsorri", "tomatero" eta bilbotar euskaldunon ahuleziaren erakusgarri. Berriro.

Azken urtean ibili naiz idazten URIOLAn. Beste mahatsorri batzuekin ibili naiz albisteak sortzen (https://uriola.eus/komunitatea/ksarasola). Bide bat izan da Begoñako gai batzuk sozializatzeko, dinamizatzeko. Orain lan hori pikutara joango da.  Hiru galdera: 

  • Uriola.eus webgunea guztiz desagertuko da?
  • Orain arte idatzitako albisteak desagertuko dira?
  • Ezin da utzi gunea irekita, nahi dugunok albisteak idazten jarraitu ahal izateko?

Haserre nago ahulezia nabarmen honen aurrean. Ganorazko gauza gutxi dago Bilbon euskara sustatzeko...   eta URIOLA pikutara doa.   :-(