Joxean Llorente (1962-2026): musikari eta dinamizatzaile erraldoia

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Sarasola 2026ko urtarrilaren 18a

Musikarako erraztasuna zuen Joxean Llorentek. Ondo genekien hori Begoñako haren lagunok 1980an; ez genekien baina noraino helduko zen musikaren munduan; ez genekien Getxoko Musika Eskolako zuzendaria izango zela, 30 urtez; ez genekien abesbatzako zuzendaria izango zela, eta ez genekien txisturako obra berriak konposatuko zituela (sei gutxienez).

Testua: Imanol Medrano, Jokin Medrano, Garbi Peral, Joseba Pinilla, eta Kepa Sarasola (CC-BY-SA)
Argazkiak: Wikipedia, Joxean Llorente  (CC-BY-SA)

Guk ikusten genuen Bilboko lehen Aste Nagusi haietan Joxean berdin ateratzen zela txirula edo txistua jotzen dantzariekin edo klarinetea jotzen Mahats Herri konpartsako fanfarriarekin. ("La bota",  "Zazpi Jauzi", "Lantzeko ihauteria", "Bikuña", "Amparito Roca", "Batasuna"...)

Ikusten genuen kanpamentuetan eta auzoan erraztasuna zuela umeak dinamizatzeko eta jarduerak antolatzeko.

Ikusten genuen nabaria zela musikarekin zuen zaletasuna eta buruan zuen indarra. Ez dugu ahaztuko unibertsitatean sartzeko garaian Llorentek nahi zuena musika-ikasketak egitea zela. Etxekoek, hortik bizimodua lortzea zaila ikusten zutela-eta, ikasketa "serio" bat egiteko eskatu zioten. Eta zer egin zuen Joxeanek? Lehenengoz Ekonomiako lizentziatura osoa bukatu Sarrikon... eta orduan bai, orduan musika ikasketak borobildu (piano, txistu eta teoria musikala), eta gero musikaren bidetik antolatu bere bizimodua bizitza osorako, modu gozagarri eta emankorrean antolatu ere. Hau da, erraz eta eroso bete zuen bere ametsa!

Musika, batzuetan, kontu elitista eta abstraktua da. Ez da hori Joxeanen kasua. Joxeanentzat musika tresna bat izan da auzotarren arteko harremana estutzeko Begoñan (kanpamentuetan, dantza taldean, konpartsan, eta abesbatzetan), musikaren bidez milaka ikasle dinamizatu ditu Getxon, eta musikoterapia landu du hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonei laguntzeko (Downen sindromea duten pertsonak, autistak edo ume hiperaktiboak).

Eskerrik asko, Joxean!

------------------------------------------------------

Ikus albiste hauek:
- Hernández, Marta. (2026-01-16). «La música enmudece con la partida de Joxean Llorente» Deia
- Erraldoi baten ixiltasuna / El silencio de un gigante". Jatorki abesbatza. Facebook

- Joxean_Llorente Wikipedian