LAB sindikatuak EAEko metalgintzaren egungo argazkia eta hemendik aurrera sindikatuak hartuko duen bidea plazaratzeko prentsaurrekoa eskaini du Bilboko egoitzan. Agerraldiak Metalgintza sektoreko arduradunak eta sektoreko enpresa ezberdinetako delegatuek hartu dute parte (CIE Udalbide, Amaya, Telleria, Camelot, La Magdalena, Tenneco, Estampaciones Vizcaya, Hierroz Riezu, Bruss, MFS, Nemak, Pine).
LABek egun EAEko metalgintzako 100.000 langile baino gehiagok sektoreko hitzarmena berritu gabe jarraitzen dutela salatu eta "aurrerantzean eskubideak eta etorkizun arautua izango duten, edo bestela, CONFEBASKen asmoa betez, lan harremanen indibidualizazioa ezarriko den" dagoela jokoan adierazi du.
CONFEBASKek lan eskubideen galera besterik ez duela bilatzen esan du sindikatuak eta honen aurrean eta patronalaren blokeoaren aurrean mobilizatzen jarraituko duela adierazi du. Bide honetan, gaurtik aurrera martxan jarriko dituen ekimen ezberdinen berri eman du eta gainontzeko sindikatuei sektoreko hitzarmenen defentsan era aktibo baten lan egitera eta enpresa eremuaren azpitik ez negoziatzera dei egin die.
Metalgintza sektoreko LABen irakurketa eta hemendik aurrerako ekimenak:
EAEko metalgintzako 100.000 langile baino gehiagok sektoreko hitzarmena berritu gabe jarraitzen dute. Jokoan dago beraz, aurrerantzean eskubideak eta etorkizun arautua izango duten, edo bestela, CONFEBASKen asmoa betez, lan harremanen indibidualizazioa ezarriko den.
CONFEBASK modu orokorrean baina bereziki industriaren alorrean negoziazio kolektiboa blokeatzen ari da, eta zehazki, gure ekonomiaren oinarria eta motorra den metalgintzaren alorrean.
CONFEBASKek lan eskubideen galera ekarriko duten hitzarmenak soilik nahi ditu. Sektorean lortu ez duenez, orain enpresetan lortu nahi du.
Ezin dugu baimendu. LABek ez du utziko. LAB, egun, blokeo honi aurre egiten ari zaio mobilizazio eta ekimen ugarien bidez.
Dinamika hauen barruan kokatzen da, gaur, maiatzak 9, LABek EAEko metalgintzako hitzarmenak berritzeko berretsi duen proposamena Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK).
Bere edukia gogoratu nahi dugu: Indarraldia 2015eko abenduaren 31 arte, KPIaren gaineko soldata igoera, 36 hilabeteetako ultraktibitatea, adostutakoa enpresak aldebakarrez ez betetzeko klausula, gainontzeko lan baldintzak mantenduz.
Proposamen honek CONFEBASKek egiten duen blokeoari aurre egiteko tresna bat gehiago izan nahi du. Sektoreko langile guztien eskubideen defentsan egiten den beste urrats bat da.
Proposamena hau aurkeztuz, CONFEBASKek metaleko hitzarmenak nahi ote dituen edo sektorea desarautzearen aldeko apustua egin duen utzi nahi dugu agerian.
Uztailaren 7tik igaro den denborak LABek defendatu duen eta gaur, LHKan berretsi egin duen proposamena erabat gauzagarria zela eta dela utzi du agerian, beti ere, gutxieneko borondatea balego.
Zergatik da proposamen hau bideragarria?:
1.- Uztailaren 7az geroztik hemen jasotzen den proposamen bera beste sektoreetan adostu duelako CONFEBASK berak. (Gipuzkoako Papergintzan, Merkataritza orokorran eta Elikagaien Merkataritzan edota Bizkaiko Merkataritzan eta Elikagaien Industrian, besteak beste).
2.- Sektoreko enpresa askotan eduki bera, baita hobeak ere, sinatu direlako. CONFEBASKen oso ordezkari adierazgarriek eurek ere sinatu sinatu dituzte, besteak beste, FVEMeko lehendakariordea den Jose Javier Arteche Zubizarretak eta Adegiko presidentea den Peio Gibelaldek.
3.- 2013. urteko KPIa %0,3koa izan da. Beraz, ez da egia enpresek KPIaren erreferentziari lotutako soldata igoerak egin ezin dituztenik, are gutxiago soldata igoera horiek enpresen bideragarritasuna zalantzan jarriko dutenik.
Beraz, KPIaren erreferentziarekin hitzarmenak ez berritzeko erabakia patronalaren erabaki politikoa da. Epe luzeko ikuspegiarekin soldatak murrizteko estrategia bat da, ez ordea, egungo krisialdi-uneari erantzuten diona.
2013ko ekainean, CONFEBASKek (FVEM, ADEGI, SEA) erabaki zuen hiru herrialdeko negoziazioak etetea, negoziazio mahaietatik alde eginez eta negoziazioak amaitutzat joz.
Beraz, CONFEBASK berak metalgintza alorreko langile guztiei azaldu beharko die zergatik beste sektoreetan sinatzen ari dena ez den posible sektore honetan.
LABek egin duen bezala, modu argi, publiko eta ofizialean, haiek ere azal dezatela euren proposamena. Negoziazioak apurtu zituztenek eta egun epaiak errespetatzen ez dituztenek negoziatzeko borondaterik duten erakutsi behar dute. Bitartean, LABek ez du parte hartuko antzerki batean.
Halaber, LABek ez du etsiko. Metalgintzako hitzarmenen alde borrokatzen jarraituko dugu, proposamenekin zein mobilizazioekin.
CONFEBASKek egiten duen blokeoaren aurrean, LABek ekimen hauek jarriko ditu martxan:
1.- Eusko Jaurlaritzari ezagutzera emango diogu. Ezin du bazter geratu. Zer egingo du proposamen honen aurrean? Sostengatuko dute ala akordiorik sinatu nahi ez duen patronala babesten jarraituko dute, metalgintzako sektorean, gure ekonomiaren oinarria den honetan, eta milaka langile lan-desarautze egoerara eramango dituzte? Zertan datza gure herriko langileei egiten dieten eskaintza?
2.- Enpresariekin biltzen hasiko gara gure jarrera modu zuzenean ezagutu dezaten. CONFEBASKen blokeoa gainditu beharra dago.
3.- Halako akordioak bultzatzen jarraituko dugu enpresa mailako negoziazioetan, eremu honetatik sektoreko hitzarmena babesteko eta gero eta nabarmenagoa gera dadin CONFEBASK bakarrik dagoela.
4.- Sektoreko hitzarmenen aldeko mobilizazioekin jarraituko dugu. Azkenik, gainontzeko sindikatuei sektoreko hitzarmenak defendatzeko bi dei egiten dizkiegu: - Hauek era aktibo batez defenditzera. - Enpresa eremuan, honen azpitik ez negoziatzea.