Media For Future enpresak lana erregulatzeko txostena aurkeztu zuen 2013an, eta 2014an hartzekodunen konkurtsoa planteatu du. Erabakiek etorkizun beltza aurreikusten dute langileentzat, baina ez dute etsiko. Horrela, M4F sortu denetik eman diren irregulartasunak hasieratik salatu dituzte.
M4Fko langileek irregulartasunak salatzen urteak eman dituzte, eta lehen auzialdiko epaitegiaren sententziak beste behin ere agerian utzi ditu irregulartasun horiek. EITBren zuzendaritzak M4F konpainian duen parte-hartze txikia erabili du argudio bezala erantzukizunak ezkutatzeko.
M4F 2014ko abenduan ixtera itxaron gabe langileen legez kanpoko lagapenari konponbide bat berehala emateko eskatzen dio Enpresa Batzordeak EITBko zuzendaritzari. EITBk egoera konpontzeko saiakerarik egiten ez badu, udako oporraldia pasa eta gero eitb.com zerbitzurik gabe uzteko ekintzak aurrera eramango dituzte langileek, 2013ko udan egin bezala. Orduan langileek hilabete bat baino gehiago eman zuten greban.
Baionako Auzitegia
Bestalde, M4Fn izandako beste irregulartasun larri baten berri eman nahi du Enpresa Batzordeak. Kasu honetan ere langileak salaketa aurkeztu eta garaipena lortu du auzitegietan. 2008tik 2012ra arte eitb.com-ek kazetari bat izan du Baionako egoitzan, frantsesez albisteak idazteko. Berriemaileak M4Fk azpikontratatuta egiten zuen lan. Langilea kaleratu egin zuten eta irregulartasuna agerian geratu zen. Enpresak ez zuen
Frantziako legedia errespetatu; izan ere, Espainiako araudiari atxikitako kontratu mota egin zion Frantziako Gizarte Segurantzari ordaintzea saihesteko.Frantziako Estatuak irregulartasuna atzeman eta M4F auzitara eraman zuen Baionako langilea Frantziako legedia errespetatu gabe lanean izateagatik. Epaiketa egin eta Baionako Auzitegiak M4F zigortu du. Kazetariak Frantziako kontratua izan behar zuela erabaki du epaileak. Horrela, M4Fk 5.000 euroko isuna ordaindu beharko dio Frantziari, eta 10.000 euroko kalte-ordaina langileari.
Epaiaren berri izan eta gero, jaso beharreko soldata eskatuko du langileak; izan ere, kazetariek Frantzian Espainian baino soldata handiagoa dute. Ondorioz, urteetan jaso ez duen aldea eskatuko dio langileak M4Fri epaitegietan.