Oraingoan LOMCE dugu, baina lehenago LOE (PSOE-2006), LOCE (PP-2002), LOGSE (PSOE-1990), LODE (PSOE-1985), LOECE (UCD-1980), LGE (Franco-1970)... izan ziren. Bistan da Euskal Herrian, berdin Hego zein Iparraldean, ez dugula inoiz, gure hezkuntza sistema propioa sortu, garatu edota kudeatzeko aukerarik izan. Beti Madril zein Parisek arautzen zituzten esparruei atxikitu behar izan dugu gure jarduna; eta hauek utzitako zirrikituak osatzera mugatu behar izan dugu betidanik. Legetik legera marko autonomikoek utzitako zirrikituak mantentzearen truke, bidean zerbait uztera derrigortuak izan gara.
Gaurko agerraldiak hori finkatu nahiko luke. Atzokoan ezagututako akordioak euskara pegatina modura erabiltzen du. Hau da, hizkuntza eredua aukeratzeko aukera mantenduta, espainiako curriculuma inposatuko digutela da adostu duten gauza bakarra. LABentzat euskararen ezagutza eskolaren bitarteez mantentzea funtsezkoa da, eta akordio honek ez du albideratzen. Ezta euskal kulturaren ezagutza ere. Akordio honek irakastereduen eskema behin betikotu nahi du (A, B, D, X, G...). Benetan gai larria honakoa, 2005etik eredu honek erabat euskalduntzen ez duela frogatu zenean. Baieztapen hau, Hezkuntza Sailak berak egin zuen 2005ean bertan. A ereduko batere ikaslerik ez zuen euskararen ezagutza maila nahikorik lortzen, B ereduko ikasleen erdiak soilik eta D ereduaren bi herenak soilik. Hezkuntza Sailak berak 2005ean irakastereduen porrota frogatutzat utzi zuen. Hain justu oraingoan, Hezkuntza Saila honek, garaipen gisara saldu nahi diguna. Akordio honek etorkizunari begira euskararen ezagutzaren sakontzeari ere muga sendoa jarri dio, finean, eleaniztasuna bermatzen duen murgiltze ereduaren aurkako akordioa baita.
Euskal Herriak dagoeneko bere bidea egitearen aldeko hautua egin du. Hezkuntza Komunitate osoak salatu du LOMCEk ekarriko dituenak, baina baita Hezkuntza arautuko duen Euskal Lege berri baten beharra ere.
Akordio honek ez dio erantzuten Euskal Herriarentzat benetan larriak diren curriculumen inguruko aferei, ezta zuzendaritza markoetan eman beharreko partaidetzaren inguruko bestelakoei ere. Gogoratu beharko genuke, puntu honetara iritsita, LOMCEk irakasgaiak hiru bloketan banatzen dituela: tronkalak (estatuak edukiak eta ebaluazio irizpideak erabaki), espezifikoak (estatuak edukiak erkidegoak ebaluazio irizpideak) eta espezialitatekoak (erkidegoaren esku edukia eta ebaluazio irizpideak). Ikusten denez, orain arte Madriletik edukien %55a arautzen zuen bitartean oraingo eskemarekin portzentaje hori gainditu daiteke. Bereziki larria den eraso honi Lakuak ez dio erantzunik eman.
Legeak joan legeak etorri EAE zein Nafarroatik geroz eta aldagai gehiagori amore ematera derrigortu gaituzte erasoa “saiheste” aldera. Euskal Herriak jada ez ditu Espainiar zein Frantziar estatuetatik etortzen diren legeen zirrikituak bete nahi. Euskal Herriak bere bideari ekin nahi dio! Bide horretan, Heziberri tresna izan daiteke ala oztopo. Hori Hezkuntza Sailaren esku egongo da eta hurrengo asteotan bere burua berriro erretratatu beharko du, Heziberri egitasmoaren baitan aurreikusitako dekretu curricularren aurkezpenarekin. Gogoratu behar dugu azken hilabeteotan Hezkuntza Saila hezkuntza eragile ezberdinekin hartu-emanetan egon dela erkidego honetan irakatsi beharreko marko pedagogikoaren lanketa eginez, aipatutako dekretu curricularrak osatze aldera. Zer nolako emaitza erakutsiko digu oraingoan Uriarte sailburuak? Wert ministroaren legearen araberako curriculuma izango da gure ikasleek landuko dutena? ala bertako hezkuntza komunitateak planteatzen dionaren araberakoa? Atzokoa etorriko zaigunaren aurreikuspen txar bat baino ez delakoan gaude.
Akordio hau EAJ eta estatuaren artean egin dute, hezkuntza komunitatea gabe, edo hobe esanda hezkuntza komunitateari bizkarra emanda. Uda aurretik akordiorik ez zegoela esaten zuten bitartean berau erdiesten zeuden. Hau al da egunotan PNVk planteatu duen aldebikotasun edota ko-subirautzaren ereduaren emaitza? Madrilen erabaki eta bertako hezkuntza komunitateak goitik behera errefusatzen duen legea %95ean aplikatu behar izatea? aldarrikatzearekin batera bide hori zirriborratzen hasteko deia luzatzen dugu.
Badugu garaia handira jokatzeko! Herri hau bere etorkizunaren jabe egiteko! Badugu garaia Euskal Herrian hezkuntza sistema propioaren bila joateko. Bide horri ekiteko ezin ditugu gauza gehiago bidean utzi. Hezkuntzan tresna berriak sortu behar ditugu, hezkuntza antolatzeko sistema berri bat, euskal herriak erabakitzen dituen jakintzagaiak irakatsiko dituena, munduari irekia, eta euskaldun eleanitzak sortuko dituena, besteak beste. Europatik subiranotasunaren haizeak datozen honetan ausartak izan gaitezen eta Euskal Herriko Hezkuntza birsortu dezagun!
Bide honetan datorren, urriaren 11ean Hego Euskal Herrian burutuko diren kalejiretan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.