Emakumeak gutxiesten dituen publizitatea Bilboko metroan

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2014ko aza. 14a, 08:56

Laster, azaroaren 25aren harira, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka eta puntu lilak erakutsiz irtengo dira kalera erakunde eta enpresak, jendartea oro har. Baina normalean oharkabean igarotzen dira, edonon, baita gure enpresan, Bilboko metroan ere, indarkeria hori elikatzen dituzten mezu, irudi edota portaerak, besteak beste; egunero nonahi ikusten eta entzuten ditugun mezuak.

Bi adibide emango dizkizuegu, barrenak astindu dizkigutelako langile eta bidaiariei Bilboko metroaren geltokietan ikusi ditugunean.

Lehena, Ulibarri euskaltegiak aurten jarri duen publizitatearena da. "Llevamos muchos años haciendo euskaldunes... y cada vez nos salen mejor" dio iragarkiak, eta buzoz jantzitako hainbat langile ari dira  "euskaldunarena·egiten". Non dagoen arazoa? irudian ageri diren guzti-guztiak, buzodunak zein euskalduna, denak dira gizonezkoak.

Euskaltegi horretan, eta gehienetan, emakumeak dira nagusi kopuruan, ikasle zein irakasle. Eta kartelean gizonezkoak soilik jarri dituztenean, emakumeen arlo horretako benetako presentzia eta lana desagerrarazi dute di-da batean.

Bigarrena, larriagoa; Klinica Londresek geltokietan jarritako kartelen kasua da. "Hacerte sentir mejor es ofrecerte un tratamiento de aumento de pecho al mejor precio" da mezua, neska gazte baten aurpegia atzean  duela. Zer sentitu behar dugu emakumeok horrelakoen aurrean? Zergatik jasan behar ditugu horrelako mezuak egunero?

Horrelako mezuek eta irudiek ez diote inolako mesederik egiten berdintasunari.

Zuzendaritzak erantzungo digu publizitate legala dela, erabat, eta ez dagokiela adierazpen-askatasunaren kontra joatea, eta horrelako publizitatea txarrestea. Ez etorri horrelakoekin, mesedez, ez da egia.

Norbaitek ikusi du inoiz alderdi politiko baten publizitaterik Bilboko metroan? Ohartu zarete banketxeei buruz dagoen publizitate ia guztia, dena ez esatearren, Kutxabank-ena dela? Argi dago, beraz, publizitatea arautzea dela hori, ez txarrestea.

Berdintasun-parametroak, emakumeenganako errespetua edota genero ikuspegia praktika onak dira, eta arlo horretan aurrerakoi eta aitzindari dela harro dioen enpresa batek, bere jarduera guztietan zehar-lerro gisa txertatu beharko lituzke, bai ala bai.

Hara zer eskatzen diogun zuzendaritzari, argi eta ozen: kendu lehenbailehen emakumeak gutxiesten dituen publizitatea, mesedez. Jar ditzagun bitartekoak berriro horrelakorik gerta ez dadin. 

 

Uxune Iriondo Urbistazu eta Juanma Cabrera Garcia 

LAB sindikatuaren ordezkariak Metro Bilbaoko enpresa batzordean