Garaia da erakundeak inplika daitezen eta ez daitezen mugatu adierazpenak, azterketak, liburuak... argitaratzera egun jakin batzuetan, beren burua zuritu asmoz.
Hitzetatik ekintzetara pasatu eta medioak jarri behar dira gure arazoei irtenbidea emateko eta ez jarraitzeko, ohiko moduan, murrizketa bidez zigortzen (osasun-berrordainketa, pentsioak aldatzeko mehatxua, eros-ahalmena galtzea, egoitzetan eta eguneko zentroetan plaza gutxiago izatea,..).
Duela bi urte, Adineko eta Pentsiodunen Eskubideen Karta egin genuen, honen helburua baldintza duinetan bizi modu hobe bat aurrera eramatea ahalbidetuko zuten oinarriak jartzea zen. Erakundeei bere egitea exigitzen diegu.
Lanean jarraitzen dugu Karta honetan jasotzen dena errealitate egin dadin. Horren garrantzitsuak diren atalen alde lanean eta mobilizatzen dihardugu:
• Bizi duinerako eskubidea: norberaren independentzia, behar besteko diru-sarrerak, gure baldintza fisikoei egokituriko etxebizitza, elikagaien bermea, jantziak,... Baita gure kultura eta hizkuntza eskura izateko eskubidea ere.
• Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eskubide eta betebeharrei dagokionean: atsedenaldirako eskubide ber-bera, etxeko betekizunak berdintasunez egiteko eskubidea eta adineko pertsonen kontrako tratu txarren aurka egitea.
•Babes eta Gizarte Segurantzako Euskal Sistema, doakoa eta kalitatekoa den osasungintza publikoa izateko eskubidea.
•Gure baldintza fisikoei egokitu etxebizitza; eskuragarritasuna eta mugikortasuna etxebizitzan eta haren inguruan.
• Gure pentsioak Euskal Herrian antolatu eta kudeatu behar dira. Bizi, lan eta kotizatu dugun lekuan adostu behar dira pentsioen inguruko gai guztiak.
• Zerga-sistemak progresiboa izan behar du: hartan, gehien daukatenek eta gehien irabazten dutenek gehiago ordainduko dute. Justizia sozialean oinarritutako sistema bat exigitzen dugu.
• Parte hartzeko eskubidea: eragiten diguten gai guztietan partaide izateko eta erabakitzeko dugun eskubidea errespetatu behar du. Gure problematika, gabeziak eta premiak ezagutzen ditugunok parte hartzeko eta kontsultatuak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.
• Gorago aipatu ditugun eskubideen alde egiteaz gain, egoerako bestelako dinamikak eskatzen ditu:, hala nola 1000 euroko gutxieneko pentsioa bermatze aldera, berrordainketari ezetz esatea eta kalitatezko sanitate publikoa ororentzat eskatzea.
Erakundeen aldetik ez ditugu hitz politak behar, gure erralitatea aldatzeko kompromisoak baizik. Eta hau lortzeko lan egin dugu, lanean ari gara, eta hala egiten jarraituko dugu, kalean izango gara.
Honengatik guztiarengatik, LABek, bihar, adineko pertsonei duintasunez bizitzeko dagokien eskubidea eta haien premiak bete daitezela aldarrikatuko du. Eta erakundeak interpelatuko ditugu Babes eta Gizarte Segurantzaren Euskal Sistema sortzeko behar diren urratsak eman ditzaten.