Poltsak apurtuak izatearen ondorioz barruan hondakin biologiko, odol kantitate handiak eta ebakuntza-gelako materialak zeudela jakin izan dugu, protokolo guztien kontra eta osasun publiko zein langileen lan-osasunerako mehatxu larria sortuz.
LABen iritziz, honako gertaera oso larria da. Are larriagoa, arazo honen aurrean Ospitaleko Zuzendaritzak gaurdaino fundamentuzko azalpen argirik eman ez izana, hiru aste luze pasatu direnean eta LABek bi aldiz exijitu dituenean azalpenak. Izan ere, informazio faltak alarma pizten du, ez baitakigu gertaera puntuala edo egunerokoa den. Ospitaleko Zuzendaritzak arduragabe jokatu du, ez diolako arazoari beharrezko zen prestutasuna eta azkartasunez heldu.
Horregatik gertatu denaren salaketa publikoa egin nahi dugu, Ospitaleko zein Osakidetzako zuzendaritzei jazotakoaren gaineko azalpenak eman ditzaten eta berriro gerta ez dadin beharrezko neurriak abia ditzaten exijitzen diegu, ospitaleko hondakinen kudeaketaren gaineko azterketa eta hobekuntza nabarmenarekin batera.