SOS Fresnes

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2016ko mai. 24a, 16:08

Gaur, Bilboko gehiengo sindikala osatzen dugun ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Fresnesen preso dagoen Itziar Moreno San Inazioko auzokidearen isolamendua salatu eta behingoz buka dadin eskatzeko asmoz.

Itziar, Fresneseko kartzelako beste kide batzuk bezala presondegi honetako oinarrizko eskubideen urraketengatik protestatzera behartua ikusi zuen bere burua: higiene falta, katxeoak biluztera behartuz, funtzionarioen aldetik behin eta berriz emandako errespetu falta, haurdun dauden presoen bizi-baldintza tamalgarriak… guzti hauek, besteak beste, bizi-baldintza duinak izatea galarazten dutelarik.

Salaketa hauen ondorioz, Itziar isolamendu ziegan zigortua izan zen, bere kideak zigor ziegetan daude, eta Saul Curto Zorrotzako auzokideak, gose greba hasi zuen pasa den maiatzaren 11an egoera honekin amaitzeko.

Era berean, Itziar Moreno, Ekhiñe Izagirre Fresnesen dagoen euskal presoarekin batera, gose greban dagoela jakin dugu, atzotik, maiatzaren 23tik.

Sindikatu hauetatik, gaur Bilbon, Frantziar Kontsulatuaren aurrean, Itziar Morenori jarritako arrazoi gabeko zigorrarekin amaitzea eskatzen dugu.

Era berean, frantziar zein espainiar estatuei pertsona ororen oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten salbuespen neurriekin eta isolamendu zein dispertsioarekin buka dezaten eskatzen diegu.

 

ELA – LAB – ESK – STEILAS – EHNE Bizkaia – HIRU