Alternatibaz lepo Bilboko kaleak

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2016ko mai. 30a, 09:30

Milaka euskal herritar batu ziren larunbatean Bilbon, botere ekonomikoaren erdigunean, inposatu diguten prekarietatea salatu eta alternatibak aldarrikatzeko.

Enplegatu ala langabe, ikasle, pentsiodun, emakume, migrante, etxeko langile, lanpostuen defentsan borrokan garen lagileak, kontratu partzialak ditugunak, behin behineko kontratudunak ala kontratu gabekoak, zaintza lanetan dihardugunak… denak elkarturik erakutsi dugu Euskal Herrian badugula nahiko indar emergentzia sozialari aurre egin eta eredu sozioekonomiko berri bat eraikitzeko.

Langileek Euskal Herriko txoko guztietatik ekarritako salaketak entzun ziren Bilboko kaleetan, baina alternatibak aldarrikatzeko tartea ere izan zen. Borondaterik badago aldaketa ekonomiko eta soziala lor liteke. Aberastasuna eta lana banatzeko 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lanastea aplikatuz, lan osasunerako eta euskaraz lan egiteko eskubidea aitortuz, eta neurri guzti hauek emakumeengana iristeko erabakiak hartuz lan mundua goitik behera aldatuko da.

Larunbatean urrats handi bat eman genuen. Posible da prekarietatea borrokatu eta garaitzea eta horren bila goaz. Zentzu honetan, LABek helburuak argi ditu. Konfrontazio fase berri bat zabalduko dugu lan munduan gatazkak piztuz eta lantokietatik at indarrak batuz prekarietatearen aurkako borroka ardatz harturik. Interpelazio instituzionala ere indartuko dugu, prekarietatera kondenatzen gaituen eredua aldatzea gure borroka nagusia izango da. Ibilbide luzea dugu aurretik, hori ukaezina da, baina Herri honek behar duen aldaketa eragiteko nahikoa indar dugula ere argi utzi dugu.