Bisitariekin arteari buruzko elkarrizketak ditugu aretoetan, bisita gidatuak egiten ditugu, tailer artistikoak edota arte udalekuak burutzen ditugu mota askotako talde eta pertsonekin. Hau da, museoko hezkuntza programen garapeneko aurpegia gara, artea pertsonengana helaraztearen helburua betearaziz.
Astelehenetik iganderako lanaldi aldakorrak ditugu (jaiegunak barne) urtarriletik abendura.
Goi mailako ikasketak ditugu eskatzen diren kalitate estandarrak eta bikaintasuna betetzeko (lizentziatura, hizkuntzak, masterra, esperientzia, disponibilitatea, balioaniztasuna eta etenik gabeko formakuntza)
Bilboko Guggenheim Museoko Giza Baliabideak eta Kalitate arloko arduradunaren hitzetan: “Pertsonak zaintzea balio handikoa da, pertsonak enpresak ondo funtzionatzeko arrakastaren oinarria dira” “Aitzindariak gara pertsonak kudeatzeko moduan” eta “ errotazio gutxi dugu, eta hau arro egoteko balio bat da, lan egonkortasun handia mantentzen dugu eta hori ona da”.
Hala ere, gure kasuan, estandar kualitatiboak eta bikaintasunezkoak ez dira betetzen inondik inora.
- Gure lanpostua, lan baldintzak eta soldatak EZEGONKORRAK dira, SUBROGAZIOA ez delako kontratazioan bermatzen, eta urtero (bi urtetik behin zortearekin) enpresa merkeenak aukeratzen dira, lan kalitatean honek duen eragina kontutan izan gabe.
- Ez da inolako plusik aitortzen jaiegunetan edo gaueko lanean.
- Ez da dagokigun KATEGORIA PROFESIONALA aitortzen eta horregatik gure soldatak ikasketarik gabeko lan postuen soldaten ratioan mugitzen dira, oinarrizko soldata 5.35€ gordin orduko (gehi plusak eta prorratak) eta kasurik hoberenean 12.30€ gordin ordukoa da.
- Soldata minimo interprofesionaletik oso urrun dauden soldata aldakorrak kobratzen ditugu hilero. 'Tarifa laua' aplikatzen zaigu eta edozein zerbitzu egiten dugula ere, orduko kobratzen dugu baina ordu horiek ez daude bermatuak (ordu minimorik ez dago).
- Erakusketa bakoitza prestatzeko katalogoa EROSI egin behar dugu (edo liburutegian kontsultatu) eta gure etxean egiten dugu lan hau musutruk.
Hau guztiagatik, Bilboko Guggenheim Museoko Patronatoaren (Solomon Guggenheim foundation + Bizkaiko Foru Aldundia + Eusko Jaurlaritza) esku dago egoera lotsagarri honekin bukatzea, eta Bilbo eta Bizkaiko motore ekonomikoaren 'berezkoa dena' osatzen duen ERANTZUKIZUN SOZIALA aplikatzea.
Bilboko Guggenheim Museoko KALITATE ETA BIKAINTASUN estandarrak titanioaren barruan ere aplikatzea eskatzen dugu, aurki hezkuntza zerbitzua emateko publikatuko duten lizitazioarekin kontratatzen duten enpresa zeinahi dela ere.
Orain arte, eta museoko arduradunei bidezko eta beharrezko eskaera hau helarazi ostean, isiltasun administratiboa baino ez dugu jaso, eta ez dugu inolako konpromisorik lortu azpikontrataturik dagoen hezitzaile taldeak jasaten duen prekarietatea eta ezegonkortasunarekin amaitzeko. Pasibotasuna ez da bikaintasun kulturala lortzeko bidea, eta horregatik gaur, uztailak 28, GREBA egingo dugu konponbidea duen arazoa plazaratzeko. Guggenheim Museoa eta Patronatoaren borondatea baino ez da behar prekarietate honekin bukatzeko.
Bilboko Guggenheim Museoan azpikontratatutako hezitzaile eta orientatzaile taldea